Saskibaloia
Eurokopa
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako hurrengo fasean egoteko aurrerapausoa eman du Rutronik mendean hartuta
A. B. E. | EITB Media
Gernika-Lumoko taldeak 78-59ko emaitzarekin irabazi du Malosten jokatu duen multzoen faseko laugarren jardunaldiko neurketa. Nagusi izan da hasieratik amaieraraino.
-
Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariak Rutroniki irabazi dioten partidan. Argazkia: EITB Media
Lointek Gernika Bizkaia aise nagusitu da Rutronik Stars Kelternen kontra (78-59) asteazken honetan (azaroak 16) jokatu duen Eurokopako laugarren jardunaldiko partidan. Gernika-Lumokoek hirugarren garaipena erdietsi dute H multzoan, eta hurrengo fasera sailkatzeko aurrerapausoa eman dute.
Jaun eta jabe izan da Lointek Gernika hasieratik amaieraraino. Norgehiagokari bikain ekin dio (8-0) Bizkaiko taldeak, eta 20 puntuko abantaila lortu du lehen hamar minutuetan (32-12).
Bigarren laurdenean ere, nagusi izan da Lointek Gernika Bizkaia, baina Rutronik Starsek lehen laurdenean baino hobeto jokatu du, eta horri esker, aldeak murriztu ditu pixka bat (49-31).
Garaipena bideratuta utzi du Lointek Gernika Bizkaiak lehen bi laurdenetan, baina hirugarrenean ez du erritmoa jaitsi, badaezpada. Aurkaria baino gehiago izan da, eta lehia erabakita utzi du hirugarren laurdenean (70-51).
Amaierako hamar minutuetan, kontrolpean izan du partida Gernika-Lumoko taldeak, eta garaipena bereganatu du, 78-59ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
78 - Lointek Gernika Bizkaia (32+17+21+8): Ariztimuño (5), Brooque Williams (24), Spreafico (8), Wojta (10) eta Sofia Silva (4) -hasierako taldea-; Busch (11), Meskonyte (2), Cvitkovic (14), Uxue Aberasturi eta Paule Loroño.
59 - Rutronik Stars Keltern (12+19+20+8): Arthur (10), Wilke (6), Hartmann (2), Mayombo (2) eta Kiss-Rusk (10) -hasierako taldea-; Brown (16), Remenarova (9) eta Schuler (4).
Partzialak: 32-12, 49-31 (atsedenaldia); 70-51 eta 78-59 (amaiera).
Epaileak: Josip Mikulic (Kroazia), Josh Bowe (Britainia Handia) eta Laure Coanus (Frantzia). Ez dute inor kanporatu.