Itxi

Saskibaloia

Emakumezkoen Endesa Liga

Araski, nagusi Gernikaren aurkako euskal derbian (73-61)

A. B. E. | EITB Media

Kutxabank Araskik garaipena erdietsi du Lointek Gernika Bizkaiaren aurka 73-61eko emaitzarekin, Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldiko atzeratutako partida.

  • Araski

    Kutxabank Araskiko jokalariak zaleak agurtzen Lointek Gernikari iabazi ostean. Argazkia: EITB Media

Kutxabank Araskik irabazi du Lointek Gernika Bizkaiaren aurka jokatu duen Emakumezkoen Endesa Ligako euskal derbia 73-61eko emaitzarekin. Asteazken honetan (urriak 19) jokatu da Gasteizen lehen jardunaldian atzeratuta geratu zen norgehiagoka.

Neurketako lehen saskiratzea Gernika-Lum9oko taldeak erdietsi du (0-2), baina etxekoen erantzuna azkarra izan da (2-2 eta 4-4). Araski 4 eta 6 galtzen joan den arren, markagailuan aurretik jartzea lortu du (7-6) hiruko baten bidez, eta, ondoren, bost puntuko abantaila hartu du (11-6). Lehen laurdeneko azken minutuetan nagusi izan dira arabarrak, 12 puntuko errenta izan dute (22-10), eta Lointek Gernikak desabantaila murriztu du (22-13) lehen hamar minutuen amaieran.

Bigarren laurdenean ia bi minutu pasa behar izan dira saskiratze bat ikuste, eta huraxe Bizkaiko taldeak lortu du (22-15). Hala ere, Araski eroso ibili da, eta errenta handitu du 16 puntura (33-17), atsedenaldira iristeko 2 minutu eta 46 segundo falta zirenean. Etxekoen bolada kostata moztu du Lointek Gernikak (33-20), hirukoa sartuta. Gernika-Lumokoak ezinean ibili dira; ez dira gai izan aurkariaren defentsa zulatzeko eta erreboteetan ere ez dute lortu nagusi izatea. Gasteizko taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da eta neurketa etxekoen aldeko 42-24ko emaitzarekin heldu da atsedenaldira.

Aldageletatik pasatzea bikain etorri zaio Lointek Gernika Bizkaiari, hirugarren laurdenari bikain ekin baitio; konkretuki, 0-14ko partziala erdietsita eta 18 puntuko desabantaila lau puntura murriztuta (42-38). Araskik bost minutu behar izan ditu laurden honetan bere lehen saskiratzea lortzeko (44-38). Momentu txarra pasa du Arabako taldeak, baina ez du etsi. Asko kosta bazaio ere, Araski berriro nagusitzen hasi da, lehen bi laurdenetan azaldu duen maila berreskuratuta, eta 11 puntuko abantaila eraman du azken laurdenera (55-44).

Hirugarren laurdenaren amaierako joko-bolada ona mantenduta Araskik kontrolpean izan du partida; ez dio utzi Lointek Gernikari aldeak asko murrizten, eta garaipena bereganatu du (73-61).