Saskibaloia
ACB TXAPELKETA
Baskonia – Unicaja eta Joventut – Bilbao Basket, Endesa Ligako lehen jardunaldian
A. A. | EITB MEDIA
Bi euskal taldeen arteko derbiak urriaren 30ean eta martxoaren 26an jokatuko dira.
-
Saskibaloiko baloia
Asteazken honetan 2022-23 denboraldiko Endesa Ligako egutegia zozkatu da, eta lehen jardunaldian Baskoniak Unicaja hartuko du Buesa Arenan; Bilbao Basketek, aldiz, Badalonara bidaiatuko du Joventuten aurka aritzeko.
Lehen jardunaldi hori irailaren 28tik 30era bitartean jokatuko da, baina bi euskal taldeen neurketak egun berean izango dira, irailaren 30ean, ostiralean, hain zuzen ere. Arabarrek 19:30ean ekingo diote lehiatzeari; bilbotarrek, ostera, 21:30ean.
Bi euskal taldeen arteko neurketei dagokienez, lehendabizikoa urriaren 30ean iritsiko da, 6. jardunaldiarekin batera. Orduko horretan, Bilbon jokatuko da norgehiagoka (Bilbao Basket – Baskonia), 20:00etan.
Bueltako lehia (Baskonia – Bilbao Basket), ordea, 24. jardunaldian izango da, martxoaren 26an hain justu ere. Derbi hori 17:00etan hasiko da.
Liga erregularra maiatzaren 20 eta 21eko asteburuan amaituko da, maiatzaren 25ean hasiko diren play-offei paso emateko- Aipatu play-off horiek ekainaren 27ra arte iraungo dute gehien jota.
Badalonak Errege Kopa hartuko du otsailaren 16tik 19ra bitartean, eta Superkopak irailaren 24 eta 25eko asteburuan irekiko du saskibaloiko denboraldi ofiziala.
ACB Ligako 1. jardunaldia:
Bàsquet Girona – Real Madril
Fuenlabrada – Coviran Granada
Monbus Obradoiro – Casademont Zaragoza
BAXI Manresa – Lenovo Tenerife
UCAM Murtzia – Río Breogán
Cazoo Baskonia – Unicaja
Coosur Real Betis – Valentzia Basket
Kanaria Handia – Barça
Joventut Badalona – Surne Bilbao Basket