Saskibaloia
Emakumezkoen Endesa Liga
IDK Euskotren jaun eta jabe izan da Lointek Gernikaren aurkako derbian (75-54)
EITB MEDIA
Donostiarrek kontrolpean izan dute Gascan jokatutako euskal derbia eta denboraldiko bederatzigarren garaipena eskuratu dute. Bizkaitarrek, berriz, gehiegi nabaritu dute partida ofizialik jokatu barik eman duten denbora.
IDK Euskotren aise nagusitu zaio Lointek Gernika taldeari, Gasca kirolegian jokatutako azken derbian (75-54). Donostiarrek argi utzi dute sasoiko daudela, lehiaketa erritmo handiagoarekin, eta bizkaitarrei, berriz, gehiegi nabaritu zaie 40 egun luze daramatzatela ligako partidarik jokatu gabe. Hala ere, bizkaitarrek azken laudenera arte itxaropenari eutsi diote, orduan hauti baitu partida etxeko taldeak.
Hala ere, Mario Lopezen taldeak ondo hasi du neurketa. 0-6 aurreratu dira lehen minutuetan, baina 10nako berdinketaren ostean, gipuzkoarrek neurketaren kontrola hartu dute eta hortxe hasi dira gernikarren arazoak. Horrela, lehen laurdena 19-12 amaitu da, IDK Euskotrenen alde.
Bigarren laurdenean, gipuzkoarrek 12 puntuko aldea zabaldu dute (24-12), baina Lointek txukun aritu da errebotean eta horrek aldea handitzea ekidin du.
Atsedenaldiaren ostean, bizkaitarrek hobera egin dute eta 42 eta 41 hurbildu dira markagailuan. Aurretik jartzeko aukera izan dute, baloiaren jabetza izan dutenean, baina ez dute aprobetxatu. Estualdia gaindituta, IDK Euskotren lasaitasunez jokatzen ari da baloia ondo mugituz, eta erasoan berriro, kostata bada ere, asmatuz.Hirugarren laurdena 46-41 amaitu da.
Azken laurdena, erabakigarria
Derbia azken 10 minutuetan hautsi da. Donostiarrek euren erritmoa jarri dute eta bizkaitarrei, berriz, nekea eta erritmo falta nabaritu zaie. Azkenean, etxeko taldea 75 eta 54 gailendu da, ligako bederatzigarren garaipena da donostiarrentzat. Lointekek hiru partida oso garrantzitsu ditu aurretik Erreginaren Kopa jokatzeko libre dauden bi txarteletako bat lortzeko.