Itxi

Saskibaloia

Eurokopa

Lointek Gernikak Flammes Carolo izango luke aurkari final-zortzirenetan

A. A. | EITB MEDIA

Kanporaketa urtarrilaren 13an eta 20an jokatuko litzateke. Hala ere, aldez aurretik, Bizkaiko taldeak Cukurova BK Mersinen aurkako itzulerako partida jokatu behar du, bertan behera geratu zena Lointekek bere taldean covid-19az kutsatutako bost positibo atzeman zituelako.

  • Tinara Moore (ezkerrean) saskiratze bat lortu nahian Caroloko jokalari baten aurrean.

    Tinara Moore saskiratze bat lortu nahian Caroloko jokalari baten aurrean. Argazkia: Lointek Gernika

Lointek Gernika Bizkaiak dagoeneko badaki zein izango litzatekeen bere aurkaria EuroCupWomen txapelketako final-zortzirenetan, bizkaitarrentzat aspaldiko ezaguna den Flammes Carolo Basket taldea, hain zuzen ere. Lehiaketaren webgunean irakur daitekeenez, itzulerako partida urtarrilaren 13an jokatuko litzateke, Caroloren etxean, eta Malostek astebete geroago hartuko luke itzulerako lehia, urtarrilaren 20an.

Aitzitik, final-zortzirenetako balizko kanporaketa hori baino lehen, Lointek Gernikak beste hitzordu bat dauka, Turkiako Cukurova BK Mersin taldearen kontra lehiatzen ari den kanporaketako itzulerako lehia, alegia. Partida hori aste honetako asteazkenean, urtarrilaren 22an, jokatzekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, Bizkaiko klubak bost positibo atzeman baitzituen bere taldean koronabirusagatik.

Gaur gaurkoz, ez dago zehaztuta noiz jokatuko den Cukurovaren aurkako norgehiagoka, nahiz eta, itxura guztien arabera, urtarrilaren 4an izango den. Bizkaitarrek 24 puntuko errenta izango dute alde lehia horretan, Gernikan jokatutako norgehiagokan erakustaldi bikaina egin ondoren (83-59).

Hala, Mario Lopezek zuzentzen dituen jokalariak hurrengo kanporaketara iritsiko balira, Flammes Carolori izango lukete hurrengo aurkari. Frantziako taldeak hainbat aldiz jardun du Lointeken aurka azken bi denboraldietan, aurrekoan zein aurtengoan elkarren aurka jokatu baitute EuroCupWomen txapelketako multzoen fasean. Besteak beste, urriaren amaieran, aurtengo ligaxkako hirugarren jardunaldian, Gernikakoek 58-69 irabazi zuten Caroloren kantxan; aitzitik, zenbait aste geroago, galdu egin zuten Malosten (56-58), H multzoko azken partidan.

Horrenbestez, Turkian gauzak gehiegi okertzen ez bazaizkio Lointek Gernikari, Carolorekin saskiratze-trukean aritzeko aukera izango du berriro urtarrilaren erdialdean.