Itxi

Saskibaloia

Eurokopa

Lointek Gernikak bikain ekin dio Europako ibilbideari Virtus Boloniari estreinako partida irabazita

A. B. E. | EITB Media

Bizkaiko taldeak 60-65eko emaitzarekin lortu du garaipena Eurokopa txapelketako lehen jardunaldiko partidan.

5:37
Virtsu Segafredo Bolonia - Lointek Gernika Bizkaia

Lointek Gernika Bizkaia taldeak garaipenarekin ekin dio Eurokopa txapelketari ostegun honetan Virtus Segafredo Boloniaren aurka lehen jardunaldiko partida irabazi egin baitu, 60-65eko emaitzarekin.

Lehen hamar minutuak parekatuak izan dira. Lointek Gernikak izan ditu abantaila handienak, baina Virtus Boloniak ez dio ihes egiten utzi. Bizkaiko taldeak lau puntuko errenta eskuratu du lehen laurdena amaitzeko lau minutu eta erdi falta zirenean, baina etxeko taldeak ez dio abantaila handitzen utzi, eta berdinduta amaitu da lehen laurdena (18-18).

Bigarren laurdenari hasiera ona eman dio Gernika-Lumoko taldeak, eta azkar ireki du zuloa markagailuan (21-27). Hamar puntuko abantaila eskuratu du laurdena bukatzeko hiru minutu falta zirenean (24-34), eta aldeko 30-41eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Aldageletatik kantxara itzuli ostean, errenta handitu du Lointek Gernikak (31-45), baina Virtus Boloniak ez du etsi eta zortzi puntura gerturatu da (42-50). Azkenean, hamar puntuko abantaila lortu du talde bizkaitarrak hirugarren laurdena amaitu denean (44-54).

Euskal taldea ez da gai izan neurketa erabakita uzteko, abantaila handiak izan dituen arren, eta Virtus Bolonia horretaz baliatu da partidan sartzeko eta lehia estutzeko. Italiako taldea hiru puntura hurbildu da (56-59) norgehiagoka amaitzeko hiru minutu falta zirenean. Bukaerarako 20 segundoren faltan, ordea, puntu bakarrekoa izan da Bizkaiko taldearen errenta (60-61). Hala ere, Lointek Gernikako jokalariak ez dira urduri jarri, ondo kudeatu dituzte azken segundoak eta garaipenak ez die ihes egin (60-65).

Fitxa teknikoa:

60 - Virtus Segafedo Bolonia (18+12+14+16): Barberis (4), Battisodo (2), Dojkic (19), Zandalasini (14) eta Hines-Allen (20); Pasa, Ciavarella, Tava, Laterza (1) eta Tassinari.

65 - Lointek Gernika Bizkaia (18+23+13+11): Silva (12), Buch (7), Roundtree (14), Arrojo (10) eta Moore (12); Ariztimuño (7), Brcaninovic (3), Ginzo eta Alberdi.

Partzialak: 18-18, 30-41 (atsedenaldia); 44-54 eta 60-65 (amaiera).

Epaileak: Alfred Jovovic (Kroazia), Emma Perry (Irlanda) eta Tom Dehondt (Belgika). Ez dute inor kanporatu.