Itxi

Saskibaloia

Ligako final-laurdeneak

Lointek Gernikak bost puntuko desabantaila irauli beharko du Estudiantesen aurka

A. B. | EITB Media

Bizkaiko taldeak 47-42ko emaitzarekin galdu du Endesa Ligako final-laurdenetako joaneko partida. Itzulikoa igandean jokatuko du Malosten.

  • Movistar Estudiantes - Lointek Gernika

    Da Silva (Estudiantes) eta Nogaye Lo (Lointek Gernika), lehian. Argazkia: EFE

Lointek Gernika Bizkaiak porrota jaso du Movistar Estudiantesen aurka (47-42) asteazken honetan jokatu duen Endesa Ligako final-laurdenetako joaneko partidan eta finalerdietarako txartela lortzeko bost puntuko desabantaila irauli beharko du igandean Malosten jokatuko duen itzuliko neurketan.

Norgehiagokaren hasiera parekatua izan da, eta bi taldeei asko kosta zaie saskiratzeak lortzea lehen laurdenean. Erasoan ez dira fin ibili, eta lehen hamar minutuak Estudiantesen aldeko 9-7ko emaitzarekin bukatu dira.

Bigarren laurdenean, etxeko taldea izan da nagusi, eta zortzi puntuko errenta lortu du (20-12). Atsedenaldira iritsi aurretik, lau sei puntura murriztu du desabantaila Lointek Gernikak (20-14).

Atsedenaldia ondo etorri zaio Gernika-Lumoko taldeari. Hirugarren laurdenaren hasieran Estudiantesek zazpi puntuko abantaila (31-24) eskuratu duen arren, Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak lanean jarraitu, eta puntu bakarrera hurbildu da (33-32). Laurdena bukatzeko 40 segundo falta zirenean aurrea hartu du Lointek Gernikak (33-34), baina Estudiantesen aldeko 35-34ko emaitzarekin heldu da neurketa azken laurdenera.

Amaierako azken hamar minutuetan parekotasuna izan da nagusi, nahiz eta azken minutuetan Estudiantesek hobeto jokatu duen. Azken minutuetan Madrilgo taldeak agindu du kantxan, eta Lointek Gernika Bizkaiak porrota jaso du (47-42).