Saskibaloia
Erreginaren Kopa
Lointek Gernika finalerdietan da Teneriferi aise irabazi ostean
A. B. | EITB Media
Bizkaiko taldeak 79-56ko emaitzarekin lortu du garaipena Erreginaren Kopako final-laurdenetako partidan, eta finalerako txartela izango du jokoan larunbatean.
Lointek Gernika Bizkaiak Erreginaren Kopako finalerdietarako txartela lortu du, final-laurdenetako partidan garaipena lortu ostean Ciudad de La Laguna Teneriferen aurka (79-56).
Hasieratik amaieraraino, jaun eta jabe izan da Gernika-Lumoko taldea. Lehen laurdenean nagusi izan da Mario Lopezek zuzentzen duen taldea, eta aurkariari zailtasunak eragin dizkio. Ondorioz, Bizkaiko taldeak zortzi puntuko abantaila lortu du lehen hamar minutuen amaieran (20-12).
Bigarren laurdenean, nabarmena izan da Lointek Gernikaren nagusitasuna, eta Tenerife ezinean ibili da. Gernikako taldeak lan ona egin du erasoan zein defentsan, eta aldeko 39-24ko emaitzarekin joan da atsedenaldira.
Lehen bi laurdenetan egindako lan onari eustea izan du helburu Lointek Gernika Bizkaiak hirugarren laurdenean, eta helburua betetzeaz gain, neurketa erabakita utzi du, 27 puntuko errenta eskuratuta (66-39).
Laugarren eta azken laurdenean, Tenerife desabantaila murrizten saiatu da, baina Lointek Gernika Bizkaia taldeak ondo kudeatu du aurreko 30 minutuetan lortutako abantaila, eta garaipenak ez dio ihes egin (79-56).
Fitxa teknikoa:
79 - Lointek Gernika (20+19+27+13): Ariztimuño (7), Buch (6), Bjorklund (15), Roundtree (14), Lo (11) -hasierako tañdea- Cornelius (9), Arrojo (2), Ivanovic (3), Alberdi (-) eta Ginzo (12).
56 - Ciudad de La Laguna (12+12+15+17): Ocete (3), Atkinson (21), Raksanyi (-), Herrera (7), Fasoula (6) -hasierako taldea- Abdi (-), Montenegro (13), Rodriguez (-), Nauwelaers (2), Bettencourt (-) eta Kostourkova (4).
Epaileak: Lucas, Sanchez eta Martin. Kanporaturik gabe.