Saskibaloia
20 URTEREN OSTEAN
Pau Gasol, Barçara itzultzetik gertu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hala eman du jakitera 'Mundo Deportivo' egunkariaren edizio digitalak. Alabaina, gerora, Gasol berak adierazi du oraindik ez dagoela kantxetara itzultzeko moduan
-
Pau Gasol Los Angeles Lakersekin. Artxiboko argazkia: EFE
Mundo Deportivo egunkariaren edizio digitalak larunbat honetan jakitera eman duenez, Pau Gasol pibot katalanak Bartzelonaren elastikoa jantziko du berriro 20 urte geroago, ikasturte honen amaierara arte akordioa lotu ostean.
Sant Boi de Llobregaten duela 40 urte jaiotako jokalaria 2001ean atera zen Bartzelonatik, eta 20 urteren ondoren Kataluniako hiriburura bueltatuko litzateke, Tokioko Olinpiar Jokoak prestatzeko xedearekin, aipatu egunkariak jasotzen duenez, nahiz eta NBAko zenbait talde indartuko zituela zioten hainbat zurru-murru egon diren, tartean bere anaia Marcek jokatzen duen Los Angeles Lakers,
Gasolek baretu egin du sortutako ikusmina
Larunbat arratsaldean albisteak hautsak harrotu ostean, Gasolek berak bere ikuspuntua eman nahi izan du Twitterren zabaldutako mezu baten bidez.
Hala, pibot kataluniarrak azaldu du ezker oineko lesioa sendatzen jarraitzen duela, eta, beraz, oraindik ez dagoela berriro lehiatzeko moduan. "Agertutako albisteen harira, nire errekuperazioan zentratuta jarraitzen dudala jakinarazi nahi dut, eta oraindik ez nago pistara itzultzeko prest", adierazi du. Hartara, albistearen gainean sortutako iusmina baretu nahi izan du.
Al hilo de las noticias aparecidas, quiero comunicar que continúo centrado en mi recuperación y aún no estoy listo para volver a la pista. Cuando tenga algo que anunciar, lo haré a través de mis redes sociales.
— Pau Gasol (@paugasol) February 20, 2021
¡Muchas gracias por vuestro apoyo!
Gasol sei aldiz hautatu dute All Star partidan aritzeko eta bi alditan lortu du NBAko txapeldun izatea Lakersekin; alabaina, 2019ko martxotik partida ofizialik jokatu gabe dago, Milwaukee Bucks taldean zegoenetik, hain zuzen ere. Orduz geroztik, birritan egin diote ebakuntza ezker oinean, eta errehabilitazio luze bati aurre egin behar izan dio.
Albistea baieztatuz gero, Bartzelonak otsailaren 24ra arte izango luke epea bere jokalari berria Euroligan izena emateko.