Itxi

Saskibaloia

Erreginaren Kopa

Araskik porrota jaso du Perfumerias Avenidaren aurka eta finalik gabe geratu da

Erredakzioa

Arabako taldeak 45-60eko emaitzarekin galdu du Erreginaren Kopako finalerdia. Partida ona jokatu du talde gasteiztarrak, baina ez da nahikoa izan.

  • RPK Araski - Perfumerias Avenida. Argazkia: EFE

    Erreginaren Kopako finalerdietako RPK Araski - Perfumerías Avenida partidako irudia. Argazkia: EFE

RPK Araskik porrota jaso du Perfumerias Avenidaren aurka (45-60) Erreginaren Kopako finalerdietan. Ondorioz, Arabako taldeak ezin izan du final handirako txartela lortu, neurketa ona egin duen arren.

Perfumerias Avenida indartsu kantxaratu da, etxean jokatzen ibili baita, bere zaleen aurrean. Hala ere, Araskik ondo eutsi dio Salamancako taldearen hasierari, eta aurkariak lehen minutuetan ihes ez egitea lortu du (7-7). Perfumerias Avenidak erritmo bizia jarri nahi izan dio partidari, baina Araskik ere ausart jokatu du, eta puntu bakarreko abantaila lortu du Salamancako taldeak lehen hamar minutuen amaieran (14-13).

Araskik lan ona gin du bigarren laurdenean ere, baina gehiago kosta zaio puntuak eskuratzea, ez baitira fin ibili saskiratzerako garaian. Perfumerias Avenidak zortzi puntuko errenta eskuratu du (15-23), baina Araskik desabantaila murriztea lortu du (23-26) atsedenaldira iritsi orduko.

Atsedenaldiaren ostean, Perfumerias Avenida nagusi izan da, eta berriro zuloa ireki du (24-32). Aurkaria gehiago zela ikusita, Maialen Urietak hutsartea eskatu behar izan du, eta etenaldia baliagarria izan da Arabako taldearentzat, jokoa hobetu eta bi puntura gerturatu baita (34-36). Lau puntuko desabantailarekin heldu da Araski azken laurdenera (37-41).

Estu iritsi da emaitza azken hamar minutuetara, baina txanpa honetan nagusi izan da Perfumerias Avenida. Hayes bezalako jokalarien kalitatea azaldu da, eta horrek min egin dio Araskiri. Salamancako taldeak 12 puntuko aldea lortu du partida amaitzeko zazpi minutu falta zirenean, eta garaipena bideratuta utzi du. Partida maldan gora izan duela, Araski ez da aurkaria urduri jartzeko gai izan, eta Perfumerias Avenidak lortu du garaipena (45-60).

Fitxa teknikoa:

45- RPK Araski (14+9+14+8): Asurmendi (9), Carrera (12), Barbee (8), Tania Perez (-), Seda (7) -hasierako taldea-, Quevedo (8), Van den Adel (1), Pardo (-), Molinuevo (-).

60- Perfumerias Avenida (13+13+15+19): Cazorla (2), Silvia Dominguez (11), Hayes (21), Fagbenle (7), Vitola (-) -hasierako taldea-, Loyd (6), Laura Gil (9), Hof (-), Samuelson (4), Vilaro (-).

Epaileak: De Lucas De Lucas, De Langa Martin eta Franquesa Vazquez.