Itxi

Saskibaloia

Eurokopa

Lointek Gernikak 18 puntuko aldeari eutsi behar dio Hungarian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bizkaitarrak final-zortzirenetan izateko faboritoak dira, joanekoan nagusitasunez irabazi baitzioten KSC Szekszard taldeari Malosten (91-73).

  • Gaby Ocete KSC Szekszard taldearen aurkako lehian.

    Gaby Ocete KSC Szekszard taldearen aurkako lehian. Argazkia: Lointek Gernika

Lointek Gernika Bizkaiak KSC Szekszarden aurkako kanporaketako itzuliko neurketa jokatuko du asteazken honetan Hungarian (18:00), emakumezkoen Eurokopako final-zortzirenetara sailkatzeko asmoz.

Bizkaitarrek 18 puntuko tartea dute alde, Malosten 91-73 irabazi eta gero, eta dena aldeko dutela dirudi. Alabaina, ez dira fio, Szekszard hiriko taldea (32.000 biztanle inguru) bere kantxan aurkari gogorra izatea espero baitute.

Izan ere, Hungariako taldeak lehia bakarra galdu zuen multzoen fasean, eta, hartara, multzoko lehen postua eskuratu zuen. Fase horretan, bi neurketa irabazi zituen 18 puntu baino gehiagoko aldeagatik, biak ere Alemaniako taldeen kontra: Rutronik Stars Keltern (83-48) eta Herner TC (85-61). Alabaina, zailtasun gehiago izan zituen Belgikako Basket Hema SKW (59-55) mendean hartzeko. Belgikan, ostera, galdu egin zuen haien aurka (67-48).

Dena dela, Mario Lopezen taldea denboraldi bikaina egiten ari da, Endesa Ligan zein Europan, eta zazpi garaipen jarraian lortu ditu 2020an. Ondorioz, sailkapena lortzeko faborito argiak dira, joanekoan gertatutakoaren ostean.

Aipatu norgehiagokan, honako jokalari hauek nabarmendu ziren gernikarren aldetik: Julie Wojta (13 puntu, 6 errebote, 6 asistentzia eta 23 puntuko balorazioa), Blake Dietrick (18 puntu, 7 asistentzia eta 21eko balorazioa), Belen Arrojo Granadako hegal-pibota (12 puntu, 4 errebote eta 18 puntuko balorazioa), Nikolina Milic pibot bosniarra (21 puntuko balorazioa) eta Gaby Ocete joko-antolatzaile balearra (10 puntu, 4 asistentzia eta 13 puntuko balorazioa).

Bisitariei dagokienez, berriz, Sara Krnic pibota (16, 7 eta 16), Tyaunna Dominique Marshall estatubatuarra (15, 6 eta 18) eta Ivana Djokic kroaziarra (14) bereizi ziren gainerako taldekideengandik.