Itxi

Saskibaloia

56-69

Lointekek galdu egin du Perfumeriasen aurka, eta bigarren postua izan beharko du xede

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Nahiz eta ezin irabazi, hurrengo fasean egoteko aukera asko ditu talde bizkaitarrak, Gyor eta Olivais taldeen aurka lortutako garaipen zabalen ostean.

  • Belen Arrojo jaurtiketa libreak egiteko gertu.

    Belen Arrojo jaurtiketa libreak egiteko gertu. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia

Lointek Gernika Bizkaiak galdu du asteazken honetan Perfumerias Avenidaren aurka (56-69), Maloste pabiloian jokatutako neurketan, eta F multzoko bigarren postuari heldu beharko dio Eurokopako hurrengo kanporaketan izatea bermatzeko.

Bizkaiko taldeak ligaxkako lidergoa eskuratzeko ilusioarekin ekin dio partidari, lehen itzulian Salamancan jokatutako neurketan hiru puntugatik besterik ez baitzuen galdu (62-59). Alabaina, bisitarien bigarren zati hobe batek ezerezean utzi ditu etxekoek 30 minutuz baino gehiagoz erakutsitako ilusioa eta lehiakortasuna.

Gernikak aurretik amaitu du lehen laurdena (11-10), eta lehian sartuta jarraitu du bigarrenean (24-27) eta hirugarrenean (41-46), baina ezin izan du eragotzi Perfumeriasek azken hamar minutuetan alde egitea (56-69).

Miguel Ortegak zuzentzen dituen jokalarien artean, Kristine Vitola hegal-pibot letoniarra nabarmendu da bereziki (16 puntu, 9 errebote eta 19ko balorazioa). Harekin batera, Tiffany Hayes (10, 4 eta 12), Jewell Loyd (12) eta Karlie Samuelson (10) estatubatuarrek ere ekarpen handia egin dute.

Etxekoen aldetik, berriz, Nikolina Milic bosniarrak (16, 8 eta 14ko balorazioa), Belen Arrojo granadarrak (13 eta 16) eta Nogaye Lo mallorkarrak (8, 4 eta 11) eutsi diote neurketa irabazteko itxaropenari.

Galdu arren, talde bizkaitarrak hurrengo fasean egoteko aukera ugarirekin jarraitzen du oraindik ere, Hungariako Uni Györ (77-41) eta Portugalgo Olivais FC (46-70) taldeen aurka lortutako garaipenei esker. Bi talde horiek ligaxkako azken bi jardunaldietan izango ditu aurkari Lointekek.

Fitxa teknikoa:

56 - Lointek Gernika (11+13+17+15): Ocete (6), Dietrick (8), Wojta (5), Mazionyte eta Milic (16) –hasierako bostekoa– Diez, Ariztimuño, Arrojo (13), Nogaye Lo (8) eta Molina-Prados.

69 - Perfumerias Avenida (10+17+19+23): Silvia Domínguez (7), Hayes (10), Vilaró, Vitola (16) eta Laura Gil (4) –hasierako bostekoa– Cazorla, Loyd (12), Samuelson (10), Hof (8) eta Akhator (2).

Partzialak: 11-10, 24-27 (atsedenaldia); 41-46 eta 56-69 (amaiera).

Epaileak: Ozge Sentürk (Turkia), Serkan Emlek (Turkia) eta Christina Manoli (Frantzia). Ez dute inor kanporatu.