Itxi

Saskibaloia

2019ko Munduko Txapelketa

Espainia, munduko txapeldun

Redacción

Espainiako selekzioak saskibaloiko Munduko Txapelketa irabazi du, finalean Argentina gaindituta 75-95eko emaitzarekin.

  • Espainia. Argazkia: EFE

    Espainia, munduko txapeldunaren garaikura altxatzen. Argazkia: EFE

Espainiak irabazi du 2019ko saskibaloiko Munduko Txapelketa, finalean Argentina gaindituta, 75-95eko emaitzarekin. Duela 13 urteko Japoniako Munduko Txapelketako historia errepikatu du Espainiak.

Erritmo biziarekin eta aurkariaren saski aurrean asmatuz ekin dio neurketari Espainiak, eta abantaila ona hartu du. Hala ere, lau minutu txar izan ditu Scariolok zuzentzen duen taldeak, eta Argentinak aldeak murriztu ditu. Lehen laurdeneko azken txanpan, ordea, Espainia berriz nagusi izan da, eta 9 puntuko abantaila lortu du (14-23).

Argentinak erasokorrago eta presio altuagoa eginez ekin dio bigarren laurdenari, baina ez du jaurtiketetan asmatu. Rudy Fernandezek, aldiz, bi hiruko sartu, eta 17 puntura handitu du abantaila (14-31, 13. minutuan). Argentinak ez du jakin nola defendatu Espainiaren erasoaldiak, eta argentinarrak 12 puntuko desabantailarekin joan dira atsedenaldira (31-43).

Atsedenaldiaren ostean, partidaren gidoia ez da aldatu, eta Espainiak nagusi izaten jarraitu du. Hirugarren laurdenaren erdialdean, 22 puntuko errenta izan du Espainiak (33-55). Orduan, Argentinaren erantzuna etorri da Gabriel Deckek eta Facundo Campazzok sartutako hirukoekin. Luis Scolak ere bi jaurtiketa libre sartu ditu. Argentinaren erantzunaren aurrean, Espainiako selekzioa ez da kikildu, eta 17 puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari (49-66).

Laugarren laurdenaren lehen txanpan, Argentinak defentsa sendotu, eta desabantaila 12 puntura murriztea lortu du. Orduan, Llullek 2+1ekoa behartu eta sartu du. Gainera, Juancho Hernangomezek hiruko bat sartu, eta garaipena bideratuta utzi du. Hala ere, Espainia ez da aurkariaz fidatu, eta erritmoa jaitsi gabe jarraitu du epaileak partidaren amaiera adierazi, eta garaipena lortu duen arte (75-95).

Fitxa teknikoa:

75 - Argentina (14+17+16+28): Facundo Campazzo (11), Nicolas Brussino (8), Patricio Garino (-), Marcos Delia (2) eta Luis Scola (8) –hasierako taldea–, Tayavek Gallizzi (-), Nico Laprovittola (17), Gabriel Deck (24), Luca Vildoza (2), Maximo Fjellerup (-), Agustín Caffaro (-) eta Redivo (3).

95 – Espainia (23+20+23+29): Ricky Rubio (20), Rudy Fernandez (11), Juancho Hernangomez (11), Pierre Oriola (6) eta Marc Gasol (14) –hasierako taldea–, Pau Ribas (5), Victor Claver (2), Willy Hernangomez (11), Sergio Llull (15), Rabaseda (-), Colom (-) eta Beiran (-).

Epaileak: Cristiano Maranho (BRA), Yohan Rosso (FRA) eta Steven Anderson (AEB). Pau Ribas, Juancho Hernangomez eta Nico Brussino egotzi dituzte.