Itxi

Saskibaloia

Anadolu Efesi irabazita

CSKAk Euroliga irabazi du Gasteizen

Erredakzioa

CSKA Mosku taldeak 83-91ko emaitzarekin irabazi dio finala Anadolu Efesi, Buesa Arena pabilioian.

  • CSKA Mosku. Argazkia: EFE

    CSKA Mosku, 2019ko Euroligako txapeldun. Argazkia: EFE

CSKA Mosku taldea da 2019ko Euroligako txapelduna. Errusiarrek garaipena lortu dute Anadolu Efesen aurka (83-91) jokatu duten finalean. Gasteizko Buesa Arena pabilioian egin da tituluaren jabe CSKA.

Andersonen eta Kurbanoven hiruko banarekin hasi da partida. Larkinek gidatu du Anadoluren jokoa, eta, Kurbanovek eta Clyburnek CSKArena. Hala ere, Higginsek hautsi du neurketa, hiru hiruko jarraian sartuta. Talde errusiarrak hamabi puntuko abantaila eskuratu du (17-29), eta lehen hamar minutuak amaitu aurretik, bederatzi puntura murriztu du desabantaila Turkiako taldeak (20-29).

Sergio Rodriguezek sartu duen hiruko batekin hasi da bigarren laurdena. Ondoren, beste saskiratze bat lortu dute errusiarrek, 0-5eko partziala lortuz. Anadolu Efesek, ordea, aurkariaren bolada ona moztea lortu du, batez ere Dunstonen lanari esker. Pixkanaka, aldeak murrizten hasi da Turkiako taldea. Simon protagonista izan da bigarren laurdenean, eta 22-10eko partziala lortuta, bi puntura gerturatu da Anadolu Efes taldea (42-44).

Atsedenaldiaren ostean, Simonek sartutako hiruko batek aurretik jarri du Anadolu Efes (45-44). Hala ere, CSKAk azkar erantzun du, eta berriro nagusi izan da Buesa Arenako kantxan. Clyburn, Higgins, Hines eta Hunter geldiezin ibili dira, eta hamalau puntuko abantaila eman diote CSKAri (54-68). Momentu txarra pasa du Anadolu Efesek, baina turkiarrek ez dute etsi. Hirugarren laurdenaren azken txanpan, Misic eta Larkin azaldu dira, eta sei puntura murriztu dute desabantaila (62-68).

Aurreko hiru laurdenetan gertatu bezala, azken laurdena ere hiruko batekin hasi da, Sergio Rodriguezek sartutakoa kasu honetan. Abantailak lortzen hasi da berri talde errusiarra, baina Dunstonek bolada ona hartu eta lau puntura hurbildu du bere taldea (69-73). Moskuko taldeak, ordea, berriro zuloa ireki du De Coloren hiruko bati esker, eta bideratuta utzi du garaipena (71-80). Hala ere, Anadolu Efesek ez du etsi. Erasoan asmatuz, eta Hackettek egin duen kirolez kontrako falta bati esker, lau puntura hurbildu da talde turkiarra (81-85). Dena den, CSKAk oso ondo kudeatu ditu azken minutuak, aurkaria baino gehiago izan da, eta garaipena lortu du (83-91).

Fitxa teknikoa:

83 - Anadolu Efes (20+22+20+21): Micic (10), Larkin (29), Anderson (7), Moerman (2) eta Dunston (13) -hasierako taldea-; Balbay, Beaubois (3), Simon (15), Motum (4), Pleiss eta Sanli.

Entrenatzailea: Ergin Ataman (Turkia).

91 - CSKA Mosku (29+15+24+23): De Colo (15), Hackett (7), Kurbanov (7), Clyburn (20) eta Hunter (7) -hasierako taldea-; Sergio Rodriguez (6), Higgins (20), Hines (9), Peters, Bolomboy eta Ukhov.

Entrenatzailea: Dimitris Itoudis (Grecza).

Partzialak: 20-29, 42-44 (atsedenaldia); 62-68 eta 83-91 (amaiera).

Epaileak: Robert Lottermoser (ALE), Luigi Lamonica (ITA) eta Olegs Latisevs (LET).