Itxi

Saskibaloia

Ekainaren 1etik 2ra

Bilbok hartuko du Urrezko LEB ligako Lauko Finala

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Parte hartuko duten lau taldeek finalerdiak eta finala jokatuko dituzte, eta irabazleak Endesa Ligara igotzeko saria izango du.

  • Bilbao Arena, Bilbao Basketen pabiloia.

    Bilbao Arena, Bilbao Basketen pabiloia. Argazkia: ETBko bideo batetik ateratako irudia

Espainiako Saskibaloi Federazioak jakitera eman duenez, Bilbon jokatuko da Urrezko LEB ligako Lauko Finala, ekainaren 1etik 2ra bitartean. Txapelketa horrek erabakiko du Endesa Ligara igoko den bigarren taldea zein izango den.

Federazioak jakinarazi duenaren arabera, RETAbet Bilbao Basket eta Iberojet Palma taldeen hautagaitzak jaso zituen, baina bilbotarren alde egin du aho batez.

Oraindik erabakitzeke daude Lauko Finalean zein taldek parte hartuko duten; izan ere, final-laurdenak jokatzen ari dira egunotan, eta kanporaketa hori gainditzen dutenak sailkatuko dira Bilbon egoteko.

Honako hauek dira final-laurdenetan murgilduta dauden taldeak: RETAbet Bilbao Basket, Chocolates Trapa Palencia, Club Melilla Baloncesto, Carramimbre CBC Valladolid, Iberojet Palma, Covirán Granada, Liberbank Oviedo eta Rio Ourense Termal.

Lauko Finalean izango diren lau taldeek finalerdiak eta finala jokatuko dituzte, eta irabazleak Endesa Ligara igotzeko saria izango du.

Real Betis Energía Plus taldeak datorren urtean Endesa Ligan aritzeko eskubidea lortu du jada, Urrezko LEB ligako fase erregularra irabazi baitu.