Itxi

Saskibaloia

EuroCup

Lointek Gernikak abantaila hartu du txapeldunaren aurkako kanporaketan (84-69)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Irabazi egin dio Galatasarayri Malosten, talde turkiarrak hirugarren laurdenean izan duen erreakzioari aurre egin ostean.

Lointek Gernika Bizkaiak 84-69 irabazi dio Malosten Eurokopako egungo txapelduna den Galatasarayri, aipatu txapelketako final-zortzirenetara sailkatzeko balio duen play-offeko joaneko partidan. Horrenbestez, 15 puntuko errentarekin egingo dio aurre datorren astean Turkian jokatuko den bueltako partidari.

Bizkaitarrek norgehiagoka handia jokatu dute txapelketa irabazteko faboritoetako baten aurrean. Lehen laurden parekatu baten ostean (24-25), bigarrenean etxekoek hankapean ibili dituzte turkiarrak, eta 29-11ko partzial ikusgarria lortu dute. Hartara, neurketa atsedenaldira heldu denean, etxekoek 17 puntuko abantaila zeukaten (53-36), batez ere Berezhynskaren eta Dietricken lan onari esker.

Bigarren zatiko lehen jokaldietan Mario Lopezen neskek lehiako abantaila handiena (+19) bereganatu dute (57-38, 23. min). Baina, hortik aurrera, bisitarien txanda iritsi da. Jokoa tenkatzen hasi dira, eta markagailuko aldea murrizteari ekin diote.

Ondorioz, 27. minutuan emaitza 63-45 bazen ere, hirugarren laurdena bukatu denerako aldea zortzi puntura gutxitu dute bisitariek (65-57). Are gehiago, partida amaitzeko hiru minutu eta erdi bakarrik falta zirenean, Galatasaray bi puntura gerturatu da (71-69).

Aitzitik, une horretan Gernikak atakatik ateratzen jakin du, eta jokoan nagusitzen hasi da berriz ere. Horren adierazle da azken txanpan eskuratu duen 13-0eko aldeko partziala, zeinak abantaila baliotsua aitortzen dion bueltako lehiari ekiteko.

Valeriya Berezhynska (19 puntu eta 11 errebote), Gintare Mazionyte (14 eta 8), Julia Dietrick (19 puntu eta 9 asistentzia) eta Jazmon Gwathwey (14 eta 4) izan dira Lointekeko jokalari emankorrenak.

Galatasarayren aldetik, berriz, Victoria Macaulay (19 puntu eta 9 errebote) eta Monika Grigalauskyte (18 eta 6) nabarmendu dira gainerako taldekideen gainetik.