Saskibaloia
3. jardunaldia
Lointek Gernikak ligaxkako bigarren garaipena lortu nahi du
EITB.EUS
Mario Lopezen jokalariek Azoreetara bidaiatu dute Uniao Sportiva talde portugaldarraren aurka jokatzeko asteazken honetan.
-
Lointek Gernika. Argazkia: EiTB
Lointek Gernikak Azore uharteetara arte bidaiatu du, Portugalgo Uniao Sportiva taldearen kontra jarduteko asmoz gaur (22:30), Eurokopako multzoen faseari dagokion hirugarren jardunaldian.
Bizkaitarrek ligaxkako lehen norgehiagoka irabazi zuten aurreko jardunaldian Gyor talde hungariarraren aurka (79-67), Malosten jokatutako partidan. Garaipen hori dela medio, F multzoko bigarren postuan daude sailkatuta une honetan gernikarrak.
Aitzitik, talde portugaldarrak oraindik ez du lehiarik irabazterik izan, eta, hartara, azken tokian dago sailkapenean bi porrotekin.
Horrez gain, Mario Lopezen jokalariak konfiantzaz beteta heldu dira lehia honetara; izan ere, Dia Ligako liderrak dira, Perfumerias Avenida taldearekin berdinduta, bost garaipenekin eta porrotik gabe. Aurtengoa da bizkaitarrek Ligan inoiz izan duten hasierarik onena.