Itxi

Saskibaloia

EUROKOPA: 2. JARDUNALDIA

Lointek Gernikak Eurokopako lehen garaipena lortu du (79-67)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bizkaitarrek Uni Györ talde hungariarrari irabazi diote, eta hurrengo fasera sailkatu ahal izateko berebiziko garrantzia duen garaipena erdietsi dute.

1:00

Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako multzoen faseko lehen garaipena eskuratu du asteazken honetan, CMB Cargo Uni Györ Hungariako taldea Malosteko kiroldegian 79-67 garaitu ostean.

Horrenbestez, aurreko jardunaldian UniGironaren aurka 80-57 galdu eta gero, hurrengo fasera sailkatu ahal izateko berebiziko garrantzia duen garaipena erdietsi dute bizkaitarrek gaurkoan. Izan ere, hungariarrak F multzoko beste taldeari, hau da, Clube Uniao Sportiva talde portugaldarrari, irabazita heldu dira Gernikako kantxara.

Mario Lopezek zuzentzen dituen jokalariak lehen zati on batean hasi dira bideratzen garaipena. Tarte horretan, etxekoek 12 puntuko aldea lortu dute (29-17); dena den, Gyorrek hamar puntura jaitsi du aldea atsedenaldira heltzean (48-38).

Dena den, bizkaitarren garaipenaren gako nagusia hirugarren laurdenean lortu duten 16-6ko partziala izan da. Gernikarrek 20 puntuko abantaila hori kudeatu du azken hamar minutuetan. Bisitariak azken ahalegina egin dute, eta bederatzi puntura hurbiltzeko gai izan dira (74-65), apenas zegoen astirik beste ezertarako.

Valeriya Berezhynska pibot ukrainarra (19 puntu eta 5 errebote), Jazmon Gwathmey hegaleko puertorricoarra (18 eta 4) eta Blake Dietrick eskolta estatubatuarra (12 eta 6) izan dira etxekoen aldetik jokalari nabarmenenak. Gyorreko taldeari dagokionez, Artemis Spanou (20 eta 7) izan da zenbaki onenak egin dituen jokalaria.

Multzoen faseko hirugarren jardunaldian, azaroaren 7an, Lointek Gernikak Azore uharteetara egingo du hegaz, Clube Uniao Sportiva talde portugaldarren aurka jokatzeko.