Itxi

Saskibaloia

EUROKOPAKO 1. JARDUNALDIA

Lointek Gernikak galdu egin du Gironan, multzoen faseko estreinako neurketan (80-57)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mario Lopezezk entrenatzen duen taldeak ezin izan dio garaipen batekin ekin ligaxkari, oso sendo agertu den UniGironaren aurrean.

  • Lointek Gernikak galdu egin du Gironan. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia.

    Lointek Gernikak galdu egin du Gironan. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Lointek Gernika Bizkaiak porrotarekin ekin dio Eurokopako multzoen faseari, galdu egin baitu Spar Citylift Gironaren etxean (80-57).

Talde katalana hastapenetik nagusitu da, batez ere Keisha Hampton iparramerikarraren eraginkortasunari esker (etxekoen lehen 15 puntuetatik 13 sartu ditu), eta etxekoak  sei puntuko abantailarekin heldu dira lehen laurdenaren amaierara (18-12).

Mario Lopezen taldea aldea murrizten saiatu da bigarren laurdenean, baina Valeriya Berezhynska pibota ez da batere fin ibili lehen zati osoan, eta talde guztia kutsatu da bere joko txarraz. Hartara, gernikarrek % 31ko batez bestekoa izan dute kanpoko jaurtiketetan tarte horretan, eta hiruko jaurtiketa bakarra sartu ahal izan dute 10 ahaleginetatik.

Gironaren abantaila handitzen joan da Nadia Colhadoren, Roso Buchen eta Laia Palauren lan onaren eskutik, eta bigarren zatia bederatzi puntuko aldearekin hasi du (37-28). Hirugarren laurdenean, azeleragailua zapaldu du, partida erabat erabakita uzteko asmoz.

Gernikarren aldetik, Gintare Mazionyte, Jazmon Gwathmey eta Naiara Diez ahalegindu dira Lointeken aukerak bizirik iraun zezaten, baina ez da nahikoa izan, eta azkenerako 23 puntuko tartea izan da markagailuan.

Fitxa teknikoa:

Spar Citylift Girona 80 (18+19+21+22): Nuria Martinez (5), Eshaya Murphy (11), Roso Buch (17), Keisha Hampton (19) eta Nadia Colhado (18) –hasierako bostekoa–, Laia Palau (7), Julia Reisingerova (1), Helena Oma (2) eta Aina Martin.

Lointek Gernika Bizkaia 57 (12+16+14+15): Valeriya Berezhynska (15), Blake Dietrick (4), Jazmon Gwathmey (8), Gintare Mazionyte (9) eta Rachael Vanderwal (1) –hasierako bostekoa–, Itziar Ariztimuño (3), Lucila Pascua (2), Naiara Diez (12), Juana Molina-Prados (3) eta Nahia Anitua Garcia.

Epaileak: Luis Lopes (Portugal), Paul Unsworth (Britainia Handia) eta James Kerry Dominique (Gibraltar).