Saskibaloia
ACB
Irailaren 27an hasiko da Endesa Liga, eta otsailaren 14tik 17ra Kopa jokatuko da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Endesa Ligako play-offak maiatzaren 30ean hasiko dira, eta ekainaren 28rako jakingo da beranduen nor izango den txapeldun berria.
-
Real Madril eta Kirolbet Baskoniak jokatu zuten aurreko denboraldiko ACBko finala. Argazkia: EFE
ACBko Biltzar Nagusiak astelehen honetan onartu du 2018/2019 denboraldirako daten egutegia. Hartara, Superkopa irailaren 21etik 22ra lehiatuko dute, Endesa Ligari hil bereko 27an ekingo diote eta Errege Kopa otsailaren 14tik 17ra jokatuko dute bertara sailkatuko direnek.
Denboraldia Santiagon hasiko da, Superkoparekin. Bertan izango dira Monbus Obradoiro, anfitrioi gisa; Bartzelona Lassa, 2018ko Errege Kopa irabazteagatik; Real Madril, Endesa Ligako eta Euroligako txapeldun izategatik; eta Kirolbet Baskonia, Endesa Ligako finala jokatu zuelako.
Endesa Ligako fase erregularrari, berriz, irailaren 27an ekingo diote. Ligako 17. jardunaldia (lehen itzuliko azkena eta Kopan izango diren taldeak zehaztuko dituena) otsailaren 20an jokatuko da. Maiatzaren 25ean izango da fase erregularreko azken jardunaldia. Egutegiak jasotzen duenez, bi izango dira aste barruan jokatuko diren jardunaldiak: 2. jardunaldia (urriaren 4tik 5era) eta 31.ena (maiatzaren 9tik 10era).
Bestalde, Endesa Ligako play-offak maiatzaren 30ean hasiko dira, eta ekainaren 28rako jakingo da beranduen nor izango den txapeldun berria.
Hurrengo asteetan, ACBk fase erregularreko 34 jardunaldietan izango diren norgehiagoken berri emango du.