Saskibaloia
lauko finala
Real Madrilek eta Fenerbahçek lehiatuko dute Euroligako txapela
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrildarrek Moskuko CSKA azpiratu dute (83-92) bigarren finalerdian; aurretik, egungo txapeldunak Zalgiris garaitu du (76-67).
-
Luka Doncic. Argazkia: EFE
Real Madril Euroligako finala jokatzeko sailkatu da ostiral honetan Moskuko CSKAri 83-92 irabazi ostean, Belgraden jokatzen ari diren Lauko Finalean. Horrenbestez, bere historiako hamargarren Euroligako garaikurra lortzeko borrokatuko da igande honetan (20:00). Aurrez aurre, baina, egungo txapelduna izango du, hots, Turkiako Fenerbahçe taldea; izan ere, beste finalerdian Lituaniako Zalgirisen kontra 76-67 nagusitu da.
Zuriek ez dute ondo hasi partida, errusiarrek 30 puntu sartu baitizkiete lehen laurdenaren amaiera iritsi denerako (30-20); aitzitik, Pablo Lasok zuzentzen duen taldea norgehiagokari buelta emateko gai izan da, eta, horrenbestez, hamazortzigarren aldiz jokatuko du final handia.
Batez ere hirugarren laurdenean oinarritu du bere garaipena, tarte horretan hasi baita aldea zabaltzen markagailuan. Doncicen (16) eta Sergi Llullen (16) puntuek eta Ayonen puntu eta erreboteek (12 eta 11) ekarpen handia egin diote bere taldeari.
Kyle Hines eta Gustavo Ayon. Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
CSKA Mosku 83 (30+16+10+27): Antonov, Rodríguez (5), Higgins (15), Kurbanov (7) eta Hunter (4) –hasierako bostekoa–, De Colo (20), Rudd, Fridzon, Vorontsevich, Clyburn (16), Khryaka eta Hines (16).
Real Madril 92 (20+27+16+29): Doncic (16), Reyes (5), Campazzo, Ayon (12) eta Taylor (3) –hasierako bostekoa–, Causeur (6), Randolph (2), Rudy (6), Carroll (9), Tavares (5), Llull (16) eta Thompkins (12).
Epaileak: Luigi Lamonica (ITA), Robert Lottermoser (ALE) eta Matej Boltauzer (SLO). Nikita Kurbanov kanporatu dute (34. min).
Egungo txapelduna, berriz finalean
Zeljko Obradovic entrenatzaile serbiarrak gidatzen duen Fenerbahçek, bestalde, defentsan egindako lan zorrotzari esker lortu du finalean izateko eskubidea, baina baita kantxan eman dituen 12 minutuetan Ali Muhammedek eman duen erasoko erakustaldia dela medio ere, tarte horretan 19 puntu sartu baititu.
Hartara, joan zen denboraldian lortutako Euroligako txapelketa errepikatzen saiatuko da.
Ali Muhammed. Foto: EFE
Fitxa teknikoa:
Fenerbahçe 76 (19+20+15+22): Wanamaker (9), Guduric, Kalinic (2), Vesely (8) eta Duverioglu (4) –hasierako bostekoa–, Thompson, Melli (4), Sloukas (14), Nunnally, Muhammed (19) eta Datome (16).
Zalgiris 67 (13+20+17+17): Davies (12), Pangos (16), Toupane (6), Jankunas (4) eta Ulanovas (7) –hasierako bostekoa–, Udrih (2), Milaknis, Micic (5), White (10) eta Kavaliauskas (5).
Epaileak: Daniel Hierrezuelo (ESP), Sreten Radovic (CRO) eta Olegs Latisevs (LET). Ez dute inor kanporatu.