Itxi

Saskibaloia

Eurocup Women

Lointek Gernikak Cegledi irabazi dio eta bizirik darrai txapelketan (81-67)

Erredakzioa

Gernikakoek Eurocupeko lehen garaipena eskuratu dute, klubaren historiako lehena, eta G Multzoko hirugarren postuan kokatu dira.

  • Talia Caldwell, partidako protagonista nagusia. Argazkia: EiTB

    Talia Caldwell, partidako protagonista nagusia. Argazkia: EiTB

Lointek Gernika Bizkaiak irabazi egin du asteazken honetan Bilboko Casilla pabilioian VBW CEKK Cegled talde hungariarraren aurka jokatutako Eurokopako partida (81-67); horrez gain, bi taldeen arteko puntu-aldea bere alde jarri du (joaneko partidan 80-68 galdu zuten Hungarian). Horrenbestez, hurrengo fasera pasatzeko aukerekin jarraitzen dute, hirugarren sailkatzen diren lau talde hoberenen artean geratzen badira.

Mario Lopezek zuzentzen dituen nesken artean, Talia Caldwell estatubatuarra izan da protagonista nagusia (22 puntu, 16 errebote eta 32ko balorazioa), batez ere bigarren laurdenaren hasieran, bizkaitarrak hamar puntuko aldea lortzen hasi direnean.

Caldwellekin batera etxekoen artean gehien nabarmendu direnak honako hauek izan dira: Maria Pina hegalekoa (22, 4 eta 20), Marina Bas pibot errusiarra (11, 7, 5 txapel eta 17) Ameryst Alston estatubatuarra (12).

Partida osoan atzetik ibili den CEKK Cegled taldearen aldetik, barruko bi jokalariak izan dira itxura onena eman dutenak: Jelena Maksimovic serbiarra (20, 11 eta 28) eta Chanel Mokango kongoarra (16, 10, 2 txapel eta 18).

Fitxa teknikoa:

Lointek Gernika Bizkaia: 81 (18+25+16+22): Anna Gómez (4), Alston (12), Pina (22), Bas (11) eta Caldwell (22) –hasierako bostekoa- Díez (6), Molina (2), Gastaminza (2) eta Ariztimuño.

VBW CEKK Cegled: 67 (15+18+13+21): Medgyessy (8), Zsovar, Katona (5), Maksimovic (20), Mokango (16) -hasierako bostekoa- Popovic (10), Kanyasi (5) y Lelik (3).

Partzialak: 18-15, 43-33 (atsedenaldia), 59-46 eta 81-67 (amaiera).