Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Saskibaloia

Errege Kopa

Dena prest Coruñan Koparen zirraraz gozatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Real Madril, Valentzia, Bartzelona eta Baskonia dira faboritoak titulua eskuratzeko. Datozen lau egunotan, emozioa eta zalantza izango dira nagusi erritmo handiko hitzorduan.

1:11

Dena dago prest Coruñan saskibaloiko Errege Koparen zirraraz gozatzeko. Ostegun honetan hasiko da, eta emozioa ziurtatuta dago datozen lau egunetan. Real Madril (iazko txapelduna), Valentzia, Bartzelona eta Baskonia dira faboritoak titulua eskuratzeko, baina aurten Kopan edozer gerta liteke; emozioa eta zalantza izango dira nagusi ostegunetik igandera bitartean, erritmo handiko hitzordua izango baita.

Euskal zaleek bi ordezkari dituzte Coruñan: Baskonia eta Bilbao Basket. Bi taldeak ilusioz eta anbizioz beteta heldu dira Galiziara. Baskoniak hilabete baino gehiago darama maila bikaina erakusten; Valentziari, Ligan, eta CSKA Moskuri, Bartzelonari eta Real Madrili, Euroligan, gailendu zaie azken asteotan. Azken bi horiek euren pabiloietan hartu zituen mendean, gainera. Zalantzarik gabe, Kopara iristeko modurik onena da. Baskoniak asko maite du Kopa, eta titulua eskuratu nahi du berriro. Gasteiztarrek ostiralean jokatuko dute final-laurdenetan, Obradoiroren aurka. Partida zaila izango da, Obradoiroren etxean jokatuko baita aurtengo edizioa.

Bilbao Basketek, bere aldetik, ibilbide gorabeheratsua izan du denboraldian zehar; garaipen nabarmenak lortu ditu, baina espero ez zituen porrotak ere izan ditu tarteka, batez ere etxean, Miribillan. Nolanahi ere, Sito Alonsoren gizonek Koparako txartela lortu dute, eta ilusio eta anbizio handiz arituko dira Coruñan. Bartzelona izango dute aurkari, ostegunean, lehen kanporaketan.

Real Madril, Bartzelona eta Valentzia, oso indartsu

Bartzelona eta Real Madril nagusitu dira Kopan azken sei urteotan; izan ere, bi taldeek soilik irabazi dute titulua, eta Valentzia izan da, horiez gain, final bat jokatu duen talde bakarra (2013an jokatu zuen, Bartzelonaren aurka). Aurten, aldiz, Valentzia bera aukera askorekin heldu da Galiziara.

Azken bi edizioetan titulua lortu ostean, Real Madrilek hirugarrena ere nahi du; dena den, zurien denboraldia ez da oso erregularra izaten ari, eta, gainera, Rudy Fernandez, iazko MVPa, ez da Coruñan izango. Felipe Reyes eta Chapu Nocioni daude orain zalantzan; azken partidetan ez dira aritu, erabat sendatu eta Kopara egoerarik onenean iristeko.

Bartzelona taldean, Shane Lawal bajan dago, baina Carlos Arroyo sendatuta dago, eta jokatzeko moduan. Iaz ez zuen titulurik lortu Bartzelonak, baina denboraldi honetan Superkopa irabazi du, eta titulu handiago bat nahi du orain. Hainbat aldiz gertatu denez, Bartzelonak eta Madrilek finalean bakarrik jokatuko dute elkarren aurka, finalera iristen badira, zozketak horrela erabakita.

Valentzia Ligan lider dago, baina Baskoniaren aurka jasotako porrotak eta Eurocupen kanpoan geratu izanak zalantzak eragin ditu. Hala ere, talde horren denboraldia benetan bikaina ari da izaten. Oraindik ez dago argi Vladimir Lucic jokatzeko moduan izango den.

Final-laurdenetako galbahea, beti zaila

Talde guztiek, lehenik eta behin, final-laurdenetako galbahea gainditu beharko dute. Ez dute erraza izango, eta kanporaketa horretan pilatzen duten nekea gakoa izan liteke finalerdian edo finalean bertan. Madrilek Fuenlabradaren aurka jokatuko du (Ligan Fuenlabradak irabazi zuen), Bartzelonak Bilbao Basketen kontra, Valentziak Kanaria Handia izango du aurkari, eta Baskonia etxeko taldearen aurka arituko da, Obradoiroren aurka.

Zaleek irabaziko dute, hori seguru; izan ere, Kopan irabazteak baino ez du balio lehian jarraitzeko. Hau da, saskibaloiaren zirrara bermatuta dago.

Errege Kopako partidak

Osteguna, otsailak 18

(A) Bartzelona - Bilbao Basket (19:00)

(A) Valentzia ? Kanaria Handia (21:30)

Ostirala, otsailak 19

(B) Rio Natura Monbus - Laboral Kutxa (19:00)

(B) Real Madril-Montakit Fuenlabrada (21:30)

Larunbata, otsailak 20

Finalaurrekoa, (A) partidetako irabazleen artekoa (19:00)

Finalaurrekoa, (B) partidetako irabazleen artekoa (21:30)

Igandea, otsailak 21

Finala (19:00)