Baskonia
76-91 irabazi dio EFESi
Caja Laboralek Top 16ra sailkatzeko aukerak mantentzen ditu
Erredakzioa
EFES Istanbuli 76-91 irabazi dio Turkian, eta azken jardunaldian erabakiko da talde arabarra Euroligako hurrengo fasera sailkatuko den edo ez.
-
Casja Laboralek 76-91 irabazi dio EFES Istanbuli Turkian. Argazkia: EFE
Caja Laboral Baskoniak garaipena lortu du Turkian EFES Istanbulen aurka (76-91), eta horri esker Euroligako Top 16ra sailkatzeko aukerak ditu talde gasteiztarrak. Azken jardunaldian erabakiko da guztia, eta lehia Caja Laboralen eta Armani Milanoren artean dago.
Partida parekatua izan da lehen laurdenean. Baskoniak ondo ekin dio norgehiagokari, baina azkar erantzun du etxeko taldeak. 0-4 aurreratu da Caja Laboral, baina turkiarrek azkar berdindu dute partida (4-4, 8-8, 11-11 eta 13-13). Hamahirunako berdinketaren ondoren, etxeko takdeak abantaila lortu du (18-14), baina Baskoniak emaitza irauli, eta bi puntuko abantaila lortu du lehen hamar minutuen amaieran (19-21).
Bigarren laurdenaren hasieran bi taldeetako bat ere ez da alde handiak lortzeko gai izan, baina minutuak pasa ahala Caja Laboral hasi da nagusitzen. Talde arabarrak zortzi puntuko aldea lortu du laurdenaren azken txanpan, baina etxeko taldeak azkeneraino borrokatu du, eta norgehiagoka 34-38ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean apurtu du partida Caja Laboral Baskoniak. Defentsa sendoago batekin eta erasoan asmatuta aldeak lortzen hasi da Tabekek zuzendutako taldea. Hamabi puntuko errenta lortu du Baskoniak laurden honetako une baten, baina turkiarrek garesti saldu nahi izan dute garaipena, eta hirugarren laurdenaren amaieran, sei puntura murriztu dute desabantaila (59-65).
Azken laurdenean jaun eta jabe izan da Caja Laboral Baskonia. Aurkaria baino gehiago izan da talde gasteiztarra, eta hortxe erabaki du partida. Azkenean, 76-91eko emaitzarekin nagusitu da Caja Laboral Baskonia EFES Istanbul taldearen aurka.
Fitxa teknikoa:
76; Anadolu Efes (19+15+25+17): Lucas (4), Shipp (5) Vujacic (21), Erden (17) Savanovic (7) -hasierako bostekoa-, Güler (8), Barac, Balbay (5), Farmar (2), Gonlum (4), Kuqo (3).
91; Caja Laboral (21+17+27+26): Heurtel (22), Oleson (9), Nocioni (9), M. Bjelica (4), Lampe (17)-hasierako bostekoal-, Cabezas (4), Pleiss (8), San Emeterio (4), Causeur (5), N. Bjelica (9).
Epaileak: Jungebrand (FIN), Herceg (CRO), Shulga (UKR).