Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak Europan bizirik jarraitzen du

Erredakzioa

Zan Tabaken mutilek azkenengo segundoetan irauli dute markagailua, eta Armani Milan 64-62 gainditu dute. Heurtelek neurketa erabaki du partida bukatzeko lau segundora lortutako saskiratzearekin.

  • Baskonia-Armani Milan. Argazkia: EFE

    Baskonia-Armani Milan. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak Euroligan bizirik jarraitzen du Armani Milan 64-62 gainditu ondoren. Zan Tabaken mutilak ia partida osoa markagailuan azpitik egon dira, baina azkenengo segundoetan San Emeterioren hiruko batek eta Thomas Heurtelen saskiratze ikusgarri batek norgehiagoka Arabako taldearen alde erabaki dute.

Armani Milanek erasoan erraz agindu du aurreneko minutuetan, baina Lampek Baskonia markagailuan goitik jarri du (10-8). Zan Tabaken mutilek erasoan akats ugari egin dituzte, eta Scarioloren taldeak egoera ederki aprobetxatu du, hiruko saskiratzeekin, 14-19koa jartzeko.

Bigarren laurdenean San Emeteriok Arabako taldearen erasoa gidatu du, eta Caja Laboral bi puntura jarri da markagailuan (19-21). Hala ere Italiako taldeak hiruko marratik bikain jarraitu du, eta 0-10eko partzial garrantzitsua eskuratu du (19-31). Epaileek Nocioniri laugarren falta adierazi diote, protesta egiteagatik, eta Baskoniak ezin izan du suspertu. Atsedenaldian, Armani Milan 28-42 markagailuan goitik izan da.

Atsedenaldiaren ostean Tabaken taldea markagailuan sei puntura jarri da (43-46), baina Omar Cookek erakustaldia eman du erasoan eta Sergio Scarioloren mutilek berriro aldea handitu dute (45-53).

Gasteizko taldea azkenengo laurdenean suspertu da. Nocionik markagailuan hiru puntura jarri du Caja Laboral (53-56), eta Italiako taldea zalantzekin jokatzen hasi da. Maciej Lampek 59-59koa jarri du markagailuan, baina Cookek Buesa Arenado zaleak isilik utzi dite hiruko ikusgarri batekin (59-62). Baskoniak erantzun bikaina eman du San Emeterioren hirukoarekin (62-62), eta Thomas Heurtel frantziarrak garaipenaren saskiratzea eskuratu du amaierarako lau segundora (64-62).

- Fitxa teknikoa:

64 - Caja Laboral (14+14+17+19): Heurtel (11), Oleson (6), Nocioni (8), M. Bjelica (4), Lampe (14) -hasierako bostekoa-, Cabezas (2), San Emeterio (17), Pleiss, Causeur, N. Bjelica (2).

62 - Armani Milan (19+23+11+9): Cook (14), Hairston (8), Langford (16), Fotsis (5), Bourousis (11) -hasierako bostekoa-, Hendrix, Stipcevic (3), Melli, Chiotti, Basile (5).