Baskonia
Euroliga
Baskoniak ezin izan du Anadolu Efesen aurka (92-76), eta aukerarik gabe gelditu da Euroligan
EITB MEDIA
Shane Larkin, bigarren zatian, eta Rodrigue Beaubois, aurrenekoan, bai eta Vincent Poirier, partida osoan, gakoak izan dira, euskal taldea galtzaile ateratzeko. Lasoren gizonak, hala ere, azken laurdenera arte lehiatu dira.
-
Baskonia Euroligan jarraitzeko aukerarik gabe gelditu da. Argazkia: EFE.
Baskoniak Anadolu Efesen aurka galdu du, 92-76, 2024-25 denboraldiko Euroligako fase erregularreko hogeita hamaikagarren jardunaldian, Basket Development Centerren, Istanbulen, asteazkenean, eta, horrenbestez, txapelketan jarraitzeko aukerarik gabe gelditu da. Europa mailako txapelketa nagusiko fase erregularra bukatuta, Baskoniak ezingo du partida gehiagorik jokatu, beraz.
Anadolu Efes sendoago ibili da, eta horren araberakoa da emaitza. Horrez gain, oso ondo aritu dira Shane Larkin, bigarren zatian, eta Rodrigue Beaubois, aurrenekoan, bai eta Vincent Poirier, partida osoan.
Norgehiagokako azken minutuak gogorrak izan dira Baskoniarentzat; Pablo Lasoren gizonak azken laurdenera arte lehiatu dira, nolanahi ere. Euskal taldean, Trent Forrest izan da onena, hamazazpi puntu sartuta eta zazpi asistentzia emanda.
Baloi gehiegi galdu ditu Gasteizko taldeak, baina, eta errebotean ere izan da gehiago Anadolu Efes. Hala, Lasoren taldeak ez du aukerarik Euroligako play-in izenekoa jokatzeko.
Fitxa teknikoa
92 - Anadolu Efes (28+21+18+25): Thompson (4), Beaubois (18), Bryant (11), Osmani (5) eta Poirier (10) -hasierako bostekoa-, Oturu (8), Willis (5), Smits (6), Nwora (2), Larkin (16) eta Dozier (7).
76 - Baskonia (22+22+15+17): Forrest (17), Howard (15), Luwawu-Cabarrot (9), Sedekerskis (8) eta Diop (10) -hasierako bostekoa-, Jaramaz (3), Rogkavopoulos (10), Samanic, Moneke (2) eta Hall (2).
Epaileak: Robert Lottermoser (Alemania), Milivoje Jovcic (Serbia), Steve Bittner (Alemania). Ez dute inor kanporatu.
Nabarmentzekoa: 6.688 zale izan dira, Basket Development Centerren.