Itxi

Baskonia

Zalgiris-Caja Laboral (82-45)

Baskoniak porrot egin du Kaunasen eta Euroligari ia agur esan dio

Erredakzioa

Entrenatzaile aldaketak ez du emaitzik eman eta gasteiztarrak ez dira Lituanian azaldu. Zalgirisek nahi bezala jokatu du eta nagusi izan da neurketa osoan zehar.

00:40
Caja Laboral Baskonia, noraezean

Fitxa teknikoa:

82.- Zalgiris Kaunas (22+21+16+23): Jaaber (12), Darden (2), Popovic (19), Jankunas (5) D. Lavrinovic (13)-hasierako bostekoa-, Kuzminskas (13), Lafayette (7), K. Lavrinovic (1), Kaukenas (2), Foote (8), Lipkevicius eta Delas.

45.- Caja Laboral (15+9+9+12): Heurtel (2), Oleson (2), Nocioni (10), M.Bjelica (4), Lampe (5) -hasierako bostekoa-, Rochestie (1), San Emeterio (3), Pleiss (6), Causeur (10) eta Cabezas (2).

Caja Laboral Baskoniak norabiderik gabe jarraitzen du eta Joan Plazaren Zalgiris Kaunasen aurrean porrot egin du (82-45). Horrela, arabarrak Top 16ra sailkatzeko ia aukerarik gabe geratu dira eta Euroligari agur esateko zorian daude.

Dusko Ivanovic kargutik kendu eta espero zen susperraldia ez da heldu Kaunasen (Lituania). Neurketa hasiera lodi batean Zan Tabaken jokalariak atzetik markagailuan jarri dira.

Egia esan, arabarrak markagailuan gertu mantendu dira lehen laurdenean (22-15), baina bigarrenean Zalgirisek alde egin du (43-24). Gasteiztarrak beste behin ere taula azpian ahul azaldu dira, defentsan batipat. Denboraldi hasieratik makal ari dira Baskoniako jokalariak taula azpian.

Gainera, Baskonia joko zuzenarekin saiatu da, baina Joan Plazaren Zalgiris erraz gelditu du arabarren jokoa. Atsedenaldiaren ostean erabaki okerrak hartzen jarraitu dute arabarrek, eta defentsa oso ahul agertu da. Honenbestez, neurketak norabide beretik jarraitu du (59-33).

Errebotean nagusi izan da Lituaniako taldea eta horrek arabarren taula azpiko ahulezia agerian uzten du. Horrela, azken laurdena ez du historia handirik izan eta Zalgirisek ez du barkatu. Joan Plazaren jokalariek partida erabakita utzi dute aldez aurretik.