Itxi

Baskonia

Aurkezpena

Zan Tabak: 'Zazpi urte prestatzen eman ditut une honen zain'

Erredakzioa

Caja Laboralek Zan Tabak entrenatzaile berria aurkeztu du. Talde "lehiakorrari" etekinik handiena ateratzea espero du Tabakek.

03:48
Arima eta gosea duten jokalariak nahi ditu Tabakek
"Azken zazpi urteak prestatzen eman ditut une honen zain eta Caja Laboral bezalako talde handi batek deitzea ez nuen espero", adierazi du Zan Tabak Baskoniako entrenatzaile berriak.

Zan Tabak entrenatzaile berria aurkeztu du arratsaldean Caja Laboralek. Kroaziarrak denboraldi hau eta hurrengoa emango ditu taldean.

Entrenatzailea 'Baskonia filosfiaren' barnean kokatu du Felix Fernandez talde arabarraren kirol zuzendariak. Fitxaketarekin asmatu dutela erantsi du. "Gure entrenatzailea da, seguru", adierazi du. Taldea egoera zaila igarotzen ari dela azaldu du Fernandezek, "horregatik batasuna ezinbestekoa da aurrera egiteko".

Defentsan oinarritutako filosofia defendatzen du Tabakek eta entrenatzaile bezala Espainian hazi da. Baskoniak "ACB ligan kanpoko jaurtiketarik onenetakoa" duela ziurtatu du Tabakek. Talde "lehiakorrari" etekinik handiena ateratzea espero duela gaineratu du.

"Ez naiz aztia"

"Ez naiz azti bat, hiru egunetan taktikoki eta teknikoki aldatzea oso zaila da", onartu du. Entrenatzaile berriarekin jokalariek zerbait gehiago eskaintzea espero du Tabakek.

"Gose, anbizio eta koloreak sentitzen dituzten" jokalarien aldeko apustua egin du entrenatzaile berriak. Era berean, jokalariak "garrantzitsu sentitu behar" direla azpimarratu du.

Konparaketak beti gorrotagarriak direla esan du eta berak nortasun propioa duela argi utzi nahi izan du: "Dusko nire laguna da eta arrasto garrantzitsua utzi du talde honetan, baina ni ez naiz Dusko".