Itxi

Baskonia

72-89 galdu du

Caja Laboralek jipoia jaso du Olympiakosen eskutik

Erredakzioa

Baskoniak 72-89ko emaitzarekin galdu du talde greziarraren aurka Buesa Arenan. Euroligako Top 16ra sailkatzeko aukera gutxirekin geratu da talde gasteiztarra.

  • Spanoulis saskira sartzen, Lamperen defentsako ahaleginaren aurrean. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak 72-89 galdu du Olympiakosen aurka Buesa Arenan, eta Euroligako Top 16ra sailkatzeko aukera gutxirekin geratu da talde gasteiztarra. Hurrengo fasera sailkatzeko, geratzen diren lau partidak irabazi behar ditu Caja Laboralek.

Partidari ondo ekin dio Baskoniak. Ivanovicek zuzentzen duen taldeak, 5-0eko partzialarekin ekin dio partidari, baina Olympiakosek azkar erantzun du, 0-6ko beste partzial batekin (5-6). Ondoren, parekotasun handiko uneak etorri dira, baina talde greziarra izan da lehen laurdena abantailarekin bukatu duena (19-22).

Bigarren laurdenaren hasiera, ordea, ez da ona izan Caja Laboralentzat. Olympiakosek abantaila polita lortu du laurdenaren hasieran (25-35), eta Baskoniak desabantaila murriztea lortu du. Hiru puntura kokatu da Caja Laboral (34-37), baina greziarrek Baskonia hurbiltzen zela ikusi dutenean, azeleragailua zapaldu dute, eta 40-47ko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Olympiakosek azkar erabaki nahi izan du partida, eta hirugarren laurdena aukeratu du garaipena bideratuta uzteko. Laurdenaren hasieratik jaun eta jabe izan da talde greziarra, eta azkar lortu du hamalau puntuko aldea (44-58). Caja Laboralek ezin izan du Olympiakosen jokoa gelditu hirugarren laurden honetan, eta neurketa erabakita geratu da. Olympiakosen aldeko 51-69ko emaitzarekin bukatu da hirugarren laurdena.

Azken laurdena, jolaserako erabili du Olympiakosek. Caja Laboralek erraztasunak eman dizkio defentsan aurkariari, eta, erasoan ez da ondo ibili talde arabarra. Horrenbestez, Olympiakosen aldeko 72-89ko emaitzarekin bukatu da partida, eta Caja Laboralek jipoi galanta hartu du.

Fitxa teknikoa:

72 Caja Laboral (19+11+11+21): Heurtel (11), Causeur (6), Nocioni (12), Bjelica (3), Lampe (9)-hasierako bostekoa-, Cabezas (2), Rochestie, Pleiss (4), San Emeterio (12), Oleson (13).

89 Olympiakos (22+25+22+20): Mantzaris (1), Spanoulis (14), Papanikolaou (13), Printezis (11), Mavroeidis-hasierako bostekoa-, Hines (18), Law (4), Antic (9), Perperoglou, Sloukas (7), Powell (12).

Epaileak: Belosevic (SRB), Zamojski (POL), Lopes (POR).