Baskonia
Buesa Arenan
Bigarren zati kaskarrak Baskonia asko zigortu du
Erredakzioa
Dusko Ivanovicen taldea atsedenaldian 48-30 markagailuan goitik izan da, baina bigarren zatian Caja Laborali erasoan argia itzali zaio eta Anadolu Efes 64-76 nagusitu da Buesa Arenan.
-
Baskonia-Efes. Argazkia: EFE
Baskoniak 64-76 galdu du Gasteizen Anadolu Efes taldearen aurkako Euroligako neurketa. Arabako taldeak lehenengo zati bikaina jokatu du, eta atsedenaldian 18 puntu goitik izan dira markagailuan. Hala ere, Turkiako taldea lanean hasi da hirugarren laurdenean, eta markagailua iraultzea lortu du erasoan erakustaldia emanda.
Lehenengo laurdenean markagailuarekin izandako arazoek jokoa erabat baldintzatu dute, jokalariek ezin izan baitute errimtoa hartu, baina Ivanovicen mutilak nagusitu egin dira. Farmarrek puntu garrantzitsuak eskuratu ditu Turkiako taldearentzat, baina Gasteizko taldea 19-15 markagailuan goitik jarri da.
Bigarren laurdenean Caja Laboralek erasoan erakustaldia eman du. Anadolu Efesek ezin izan du Baskoniaren erasoa gelditu, eta atsedenaldian Arabako taldea 48-30 aurretik izan da.
Turkiako taldeak hirugarren laurdenean partida gogortu egin du, eta markagailuko aldea murriztea lortu du (53-42). Caja Laboral erasoan kamuts aritu da, eta Efesek puntu errazak eskuratu ditu. Lucasek markagailuan 55-52koa jarri du, eta Turkiako taldea neurketan sartu da.
Azkenengo laurdenean Anadolu Efesek markagailua irauli egin du (55-59), eta Baskoniari erasoan argia itzali egin zaio. Ivanovicen taldea ezinean aritu dam eta zuriek hamar puntuko aldea lortu dute (59-69). Caja Laboral ez da markagailua iraultzeko gai izan, eta 64-76 galdu du Buesa Arenan.
- Fitxa teknikoa:
64 - Caja Laboral (19+29+7+9): Heurtel (2), Oleson (10), San Emeterio (2), N. Bjelica (8), Lampe(5)-hasierako bostekoa-, Cabezas (12), Nocioni (11), M. Bjelica (2), Causeur (7), Pleiss (5).
76 - Anadolu Efes (15+15+22+24): Farmar (18), Guler (2), Lucas (6), Savanovic (7), Erden (9)-hasierako bostekoa-, Tunceri (2), Batista (9), Shipp (6), Gonlum (10), Vujacic (7)