Itxi

Baskonia

Euroliga

Aurreneko garaipena Baskoniarentzat (85-95)

Erredakzioa

Ivanovicen taldeak arnasa hartuko du partida orekatu batean Armani Milan gaindituta. Nocioni hirugarren laurdenean lesionatu da, eta partida esku-ohe batean utzi behar izan du.

  • Dusko Ivanovic, Caja Laboraleko entrenatzailea. Argazkia: EFE

    Dusko Ivanovic, Caja Laboraleko entrenatzailea. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak lehen garaipena eskuratu du denboraldi honetako Euroligan. Armani Milanen aurka izan da, etxetik kanpo, eta sufritutako norgehiagokan (85-95). Albiste txarra Nocioniren lesioa izan da.

Italiako taldea hamaika puntuko aldea izatera iritsi da lehen zatian, baina Baskonia markagailuan hurbildu eta atsedenaldian 44-43koa zen. Joko makala eskaini dute etxekoek zein gasteiztarrek, baina Baskonia suspertzeko gai izan da.


Nocioni hirugarren laurdenean lesionatu da. Lepokoa jarri diote eta partida esku-ohe batean utzi behar izan du. Bera zen une horretara arte partidako saskiratzaile nagusia (12 puntu). Itxaron beharko da lesioaren garrantzia ezagutzeko.

Hirugarren laurdena 66-65 amaitu da eta neurketa azken hamar minutuetan erabaki da. Bizirik eta konfiantzarekin heldu da Baskonia partidako azken minutuetara (71-79) Aipamen berezia merezi dute Bjelicak, San Emeteriok eta Lampek. Partida parekatua izan den arren, azkenean hamar puntuko aldea eskuratu du euskal taldeak (85-95).

Baskoniak Anadolu Efes hartuko du etxean hurrengo ostegunean, azaroaren 1ean, laugarren jardunaldiko neurketan.