Baskonia
Euroliga
Forrestek azken segundoan sartutako saskiratze batek garaipena eman dio Baskoniari Bartzelonaren aurka (88-86)
EITB MEDIA
Pablo Lasoren mutilek play-ina jokatzeko lehiari eutsi diote, taldearen une ona berretsi duen garaipenarekin, eta hainbat partida sentsazio onekin kateatuta.
-
Baskonia vs Barcelona (88-86) Argazkia: EFE
Trent Forrestek egindako saskiratze batek garaipena eman dio Gasteizko taldeari Bartzelonaren aurka azken hasperenean (88-86); izan ere, Joan Peñarroyaren taldeak gertu izan du norgehiagoka luzapenera bidaltzea, azken txanpan 0-4ko partziala lortuta.
Baskoniak play-inerako lehiari eutsi dio, taldearen une ona berretsi duen garaipenarekin, eta hainbat partida sentsazio onekin kateatu ditu, Chima Moneke eta Trent Forrest lider dituela.
Hasierako kolpe trukean, Barça bikain aritu da, Kevin Punterrek eta Tomas Satoranskyk lortutako saskiratzeei esker. Hirukoak aldeak ezarri ditu, eta talde katalana aurretik joan da lehen hamabost minutuetan, 23-25.
Joan Peñarroyaren taldeak martxa bat gehiago sartu du bigarren laurdenean, eta 2-12koa egin du. Etxekoen lehen hirukoa 17 minuturen ostean iritsi da, eta Pablo Lasoren taldea esnatu du, hainbat defentsa on kateatu baitituzte norgehiagoka berdintzeko, Kevin Punterren bi jaurtiketa libreek lehia atsedenaldira bidali duten arte (44-46).
Willy Hernangomezek Barçari eutsi dio baskoniarren hirukoen aurrean. Markus Howard motzean lotuta zegoela, Bartzelonak ezin izan du Chima Moneke kontrolatu, eta Baskonia aurretik joan da azken laurdenara (67-66).
Etxekoek errebotea kontrolatu dute, eta aurretik jarraitu dute; Barça, aldiz, jabetza azkarrak jokatzen saiatu da, defentsa harrapatu nahian. Dena den, Markus Howarden hiruko batek arnasa eman dio Baskoniari. Ondoren, Willyk huts egin du, eta Chima Monekek funtsezko hirukoa sartu du amaierarako 47 segundo falta zirenean (86-82).
Bartzelonak asko estutu du pista osoan, eta norgehiagoka berdindu du (86-86) amaitzeko 3 segundo falta zirenean. Hala ere, Trent Forrestek saskiratzea egiteko denbora nahikoa izan du, garaipena Baskoniari emateko (88-86).
Fitxa teknikoa
88 - Baskonia (23+21+21+23): Forrest (15), Baldwin (11), Luwawu-Cabarrot (11), Moneke (22) eta Diop (2); Jaramaz (-), Howard (4), Rogkavopoulos (6), Samanic (6) eta Hall (11).
86 - Barça (25+21+18+22): Satoransky (11), Punter (13), Parra (-), Parker (10) eta Fall (-); Metu (14), Núñez (10), Willy Hernangomez (11), Brizuela (11), Sarr (-) eta Abrines (6).
Epaileak: Emin Mogulkoc (Turkia), Uros Nikolic (Serbia), Arturas Sukys (Lituania).