Baskonia
Euroliga
Baskoniak Fenerbahçe menderatu du (88-76), partida oso ona eginda, eta bi garaipen kateatu ditu Euroligan
EITB MEDIA
Pablo Lasoren gizonek, txapelketako hamahiru partida jokatuta, sei garaipen dituzte; sailkapenean bigarren postuan dabilen Fenerbahçe aurkari, Gasteizko taldea bikain aritu da, eta guztiz merezita irabazi du.
-
Donta Hallek 14 puntu sartu eta bederatzi errebote hartu ditu. Argazkia: EFE.
Baskoniak Fenerbahçe menderatu du, 88-76, 2024-25 denboraldiko Euroligako hamahirugarren jardunaldian, Buesa Arenan, Gasteizen, astearte gauean. Hala, Pablo Lasoren gizonek, txapelketako hamahiru partida jokatuta, sei garaipen dituzte, eta, behin-behinean, sailkapenean hamahirugarren postuan dabiltza. Bigarren tokian dabilen Fenerbahçeren aurkako neurketan, Gasteizko taldea oso ondo aritu da, eta guztiz merezita irabazi du; aurreko ostegunean Kaunasen lortutakoa kontuan izanik, Baskoniak bi garaipen jarraian daramatza Euroligan.
Azken partidetan emandako maila hobetu nahirik, eta barneratuta jokoan zegoen garaipena oso garrantzitsua zela, Baskoniak ezin hobeto ekin dio partidari, eta bikain aritu da lehenengo zatian. Pablo Lasoren gizonek sendo jokatu dute defentsan, ahal izan dutenean korrika egin dute, eta erasoan asmatu egin dute. Markus Howardek sartu ditu inork baino puntu gehiago, bederatzi, aurreneko zatian, eta Monekek, Baldwinek eta Rogkavopoulosek, zazpina lortuta, modu egokian lagundu dute New Jerseykoa. Horrenbestez, Baskonia 45-25 ari zen gailentzen atsedenaldian; emaitza oso ona zen Gasteizko taldearentzat.
Hirugarren laurdenean, Turkiako taldea suspertzen saiatu da, eta pixka bat murriztu du Baskoniak zeukan abantaila. Lehen zatian izandako bikaintasuna erakutsi gabe, Gasteizko taldeak gogor jarraitu du defentsan, eta ahalegin horrek saria ekarri du; izan ere, Fenerbahçe, gehienez, 16 puntura gerturatu da, azken hamar minutuak gelditzen zirela, hain zuzen ere.
Azken laurdenean, Pablo Lasoren taldeak ez dio inolako aukerarik eman aurkariari, eta berretsi egin dute garaipena, jokatzeko hainbat minutu gelditzen zirela. Buesa Arenako zaleek, hortaz, garaipen ederra ospatu ahal izan dute, Baskoniak Euroligan jarraian eskuratu duen bigarrena. Ostegunean, Munichen, Bayernen kontra, Gasteizko taldeak beste partida bat izango du, Europako txapelketan.
Fitxa teknikoa
88 - Baskonia (26+19+18+25): Forrest (2), Howard (17), Sedekerskis (12), Moneke (9) eta Hall (14) —hasierako bostekoa—, Raieste (-), Rogkavopoulos (15), Kamar Baldwin (14) y Diop (2).
76 - Fenerbahçe (12+13+22+29): Wade Baldwin (10), Guduric (10), Hayes-Davis (11), Colson (5) eta Birch (9) —hasierako bostekoa—, Biberovic (13), Sanli (-), Zagars (13), Eksioglu (-), Mays (-) eta Melli (5).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Milivoje Jovcic (Serbia) eta Michele Rossi (Italia).
Nabarmentzeko modukoa: 8.412 zale izan dira Buesa Arenan.