Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak lehen zati txarra jokatu du, Monakoren aurka, eta galdu egin du Buesa Arenan (75-87)

EITB MEDIA

Euskal taldea, atsedenaldian, 23 puntuz ari zen galtzen, 24-47, eta ezin izan du hasiera oker hori zuzendu, nahiz eta hirugarren laurdenean bost puntura ere jarri den. Pablo Lasoren taldeak, horrenbestez, laugarren aldiz jarraian izan du porrota Euroligan.

  • Donta Hall, saskiratzea lortu nahirik, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Donta Hall, saskiratzea lortu nahirik, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Baskoniak galdu egin du Monakoren aurka, 75-87, 2024-25 denboraldiko Euroligako hamargarren jardunaldian, Buesa Arenan, Gasteizen, ostegun gauean. Ondorioz, euskal taldeak, sailkapenean, lau garaipen dituela jarraitzen du, txapelketako hamar partida jokatuta, eta, behin behinean, hamabigarren postuan dabil. Laugarren aldiz jarraian galdu du Baskoniak, Euroliga honetan.

Monako argi nagusitu da lehen laurdenean; hori amaituta, 7-24 ari zen galtzen Baskonia. Euskal taldeak, lehen minutu horietan, ez du erasoan asmatu, eta, erreboteei dagokienez, Sasa Obradovicen gizonek Pablo Lasoren jokalariek baino zortzi gehiago hartu dituzte, 6-14. Bigarren laurdenak baieztatu egin du Arabako taldeak ez diola norgehiagokari batere ondo ekin: Monako 27 puntuz ere ibili da gailentzen, 18-45ekoan eta 20-47koan, kanpoko taldea askoz gehiago zen kantxan, eta Baskoniak ez zuen topatzen modurik egoera iraultzeko. Atsedenaldian 24-47ko emaitza ari zen islatzen Buesa Arenako markagailua. Donta Hall izan da Baskoniako onena lehen zatian, zortzi puntu sartuta eta bost errebote hartuta.

Suspertu egin behar zuen Baskoniak, eta hirugarren laurdenean jazo da hori. Ikusgarria izan da Gasteizko taldearen lana, hamar minutu horietan. Chima Moneke bikain aritu da, Baskoniak oso sendo jokatu du defentsan eta zaleek bultzada handia eman dute, harmailetatik. 31-14ko partziala erdietsi du Baskoniak hirugarren laurdenean, eta, hori amaituta, Monako 55-61 ari zen gailentzen, sei puntuz. Monekek 14 puntu sartu ditu hirugarren zati horretan, ederto jokatu du minutu horietan. Baskoniak bost puntura ere izan du aurkaria.

Monakok indarra erakutsi du azken laurdenean. Baskoniak ezin izan du partida berdindu, eta Sasa Obradovicen taldeak erantzun egokia eman dio. Azkenean, 75-87koa izan da emaitza; Monakok merezita irabazi du, eta Baskoniak ezin izan dio eutsi hirugarren laurdenean emandako maila ederrari.

Fitxa teknikoa

75 - Baskonia (7+17+31+20): Baldwin (6), Luwawu-Cabarrot (9), Sedekerskis (16), Moneke (16) y Hall (12) -hasierako bostekoa-, Jaramaz (2), Rogkavopoulos (11), Ndiaye (-), Forrest (2), Howard (-) eta Diop (1).

87 - Monako (24+23+14+26): Mike James (15), Strazel (8), Blossongame (9), Brown (7) y Motiejunas (5) -hasierako bostekoa-, Papagiannis (8), Loyd (9), Diallo (9), Okobo (15) eta Cornelie (1).

Epaileak: Tomislav Hordov (Kroazia), Robert Vyklicky (Txekia) eta Marko Juras (Serbia).

Gertakizunak: 9.049 zale izan dira Buesa Arenan. Partida hasi aurretik, isiluneko minutua egin dute, Amado Ubis Baskoniako jokalari ohiaren omenez.