Itxi

Baskonia

ZIGORRA

FIBAk lau urteko zigorra ezarri dio Pierria Henry Baskoniako jokalari ohiari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Nazioarteko Federazioaren Arabera, zigorraren zioa "debekatutako metodo" bat erabiltzea da, eta 2027ko urtarrilaren 13ra arte egongo da indarrean.

  • Pierria Henry, Baskoniako elastikoarekin

    Pierria Henry, Baskoniako elastikoarekin. Argazkia: EFE

Pierria Henry Baskoniako jokalari ohiak lau urte emango ditu zigortuta, 2027ko urtarrilaren 13ra arte, Nazioarteko Saskibaloi Federazioak (FIBA) asteazkenean iragarri duenez. Zigorraren arrazoia da jokalariak, 2023ko urtarrilaren 13an, Baskonian zebilela, "debekatutako metodoa" baliatu zuela, dopinaren aurkako kontrol batean. Henryk urtebete baino gehiago darama jokatu gabe.

FIBAk web orriaren bidez iragarri du zigorra. Azaldu duenez, jokalariak dopinaren aurkako liburuko 2.2 artikulua hautsi du; artikulu horrek hizpide du "atleta bat debekatutako substantzia bat edo metodo bat erabiltzen saiatzen denean" zer jazotzen den.

Artikuluak gehitzen du ez dela "beharrezkoa" frogatzea "atletak asmorik, errurik, zabarkeriarik edo erabilpen kontzienterik" izan duela, ebazteko dopinaren aurkako arauak hautsi dituela "debekatutako substantzia bat edo metodo bat" baliatu izateagatik.

"Debekatutako substantzia bat edo metodo bat erabiltzen saiatzeak edo erabiltzeak arrakastarik izan duen ala ez ondorioztatzea ez da materiala. Nahikoa da debekatutako substantzia edo metodoa erabiltzen saiatu izatea, dopinaren aurkako arauak hausteko", dio arauak.

Baskoniak, 2023ko urtarrilean, argitu zuen jokalaria zigortuta zegoela "probaren prozeduran" izandako zerbaitengatik, ez jokalariak positibo eman izateagatik. Halaber, gertaturikoaren berri izanda, klubak behin-behinean bertan behera utzi zuen Henryren lizentzia, auzia ebatzi arte.  

FIBAk, 2021ean, barne araudia berraztertu zuen; horren ondorioz, aukera zegoen ordura arteko zigorrak bi urtez ere luzatzea, baldintza larrigarriak egonez gero; adibidez, substantzia bat baino gehiago erabiltzea, hainbat arau-hauste egitea, jokabide engainagarri izatea edo oztopoak jartzea, eta larriak diren antzeko beste baldintza batzuk gertatzekotan".