Itxi

Baskonia

Euroliga (21. jardunaldia)

Baskoniak Euroligako bolada txarra moztu du, Olympiakosi 80 eta 69 irabazita

EITB Media

Gasteizko taldeak garaipena bereganatu du Buesa Arenan jokatutako Euroligako 21. jardunaldiko partidan, eta hiru porroteko boladari amaiera eman dio.

  • Baskonia - Olympiakos

    Baskonia - Olympiakos partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE

Baskoniak garaipena bereganatu du Olympiakosen kontra, 80-69ko emaitzarekin, urtarrilaren 12an Buesa Arenan jokatutako Euroligako 21. jardunaldiko partidan. Hala, bada, Gasteizko taldeak amaiera eman dio txapelketa honetan zeraman bolada txarrari, hiru porrot jarraian baitzeramatzan.

Ondo ekin dio neurketari etxeko taldeak, eta lehen abantailak erdietsi ditu. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, Olympiakos nagusitzen hasi da, eta Greziako taldeak hiru puntuko errenta lortu du (14-17) lehen hamar minutuen amaieran.

Bigarren laurdenean, Baskoniak hobetu egin du defentsan, eta gehiago asmatu du erasoan. Horrenbestez, Ivanovicek zuzendutako mutilek aurrea hartu dute markagailuan (25-21). Laurdeneko azken txanpan, ordea, Olympiakosek estutu egin du, eta etxeko taldea puntu bakarreko errentarekin (33-32) heldu da atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, bi taldeek erasora jo dute. Hirugarren laurdenean, gehiago asmatu du Baskoniak aurkariaren saski aurrean, eta 10 puntuko abantaila lortu du azken laurdenari ekiteko (59-49).

Azken laurdenean, kontrolpean izan du lehia Gasteizko taldeak. Baskoniak ondo kudeatu du aurreko 30 minutuetan eskuratutako abantaila, ez dio utzi Olympiakosi emaitza estutzen, eta garaipena bereganatu du (80-69).

Fitxa teknikoa:

80 - Baskonia (14+19+26+21): Chiozza (-), Marinkovic (4), Sedekerskis (10) eta Kotsar (8) ¿hasierako taldea¿; Miller-McIntyre (2), Howard (21), Raieste (-), Diez (11), Rogkavopoulos (5), Costello (6) eta Moneke (13).

69 – Olympiakos (17+15+17+20): Walkup (3), Canaan (19), Papanikolaou (-), Peters (2) eta Fall (6) ¿hasierako taldea¿; Williams-Goss (12), Petrusev (14), Larentzakis (1), Brazdeikis (-), Milutinov (12) eta McKissic (-).

Epaileak: Fernando Rocha (Portugal), Piotr Pastusiak (Polonia), Kristaps Konstantinovs (Letonia). Ez dute inor kanporatu. Kirolez kontrako falta adierazi diote Brazdeikisi (14. min).