Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak ez du asmatu azken laurdenean, eta galdu egin du Bayern Munichen aurka, Buesa Arenan (68-76)

EITB MEDIA

Gasteizko taldeak, jokoan oso nagusi izan gabe ere, kontrolpean izan du markagailua azken minutuetara arte, baina azken zatian soilik sei puntu egin ditu. Lasok entrenatzen duen Alemaniako taldeak, beraz, garaipena eskuratu du, eta Baskoniak, lehen hiru jardunaldietan, partida bat du irabazita.

  • Bayern Municheko Sylvain Francisco, Khalifa eta Moneke baino azkarrago, jokaldi batean (EFE).

    Bayern Municheko Sylvain Francisco, Khalifa eta Moneke baino azkarrago, jokaldi batean (EFE).

Baskoniak 68-76 galdu du astearte gauean, Buesa Arenan, Bayern Munichen aurka, 2023-24 denboraldiko Euroligako hirugarren jardunaldian. Gasteizko taldeak, jokoan oso nagusi izan ez bada ere, kontrolpean izan du markagailua azken minutuetara arte, baina azken zatian sei puntu egin ditu soilik; Pablo Lasok entrenatzen duen Alemaniako taldeak, beraz, garaipena eskuratu du, eta Baskoniak, Euroligako lehen hiru jardunaldietan, partida bat du irabazita, eta etxean neurketarik irabazi gabe jarraitzen du.

Arestian esan bezala, azken laurdenak erabaki du emaitza. Baskonia bere mailatik oso urrun izan da orduan. Hirugarren laurdena amaitzeko gutxi gelditzen zela, Joan Peñarroyaren gizonek hamar puntuko aldea zuten, 62-52; hortik aurrera, partida amaitu arte, Bayern Munichek 6-24 partziala jarri du, eta Baskoniak, ondorioz, ez du inolako aukerarik izan porrota saihesteko. Bayern Munich gehiago izan da partidako minutu garrantzitsuenetan, eta horrela erdietsi du garaipena Gasteizen.

Baskonia eta Bayern Munich sailkapenean berdinduta iritsi dira partidara, garaipen bana zutela, Euroligako lehenengo bi jardunaldiak amaituta. Pablo Lasoren taldeak Alba Berlin menderatu zuen estreinaldian, eta joan den astean galtzaile irten zen Panathinaikosen etxetik; Baskoniak, ordea, galdu egin zuen Buesan, aurreneko neurketa, Real Madril aurkari, baina bigarrenean, Alba Berlinen kantxan, garaipena eskuratu zuen. Taldeak, apurka-apurka, kokatzen ari dira sailkapenean, eta gaur gauean jokoan zegoena horregatik zen garrantzitsua, bide horretan lagungarria izan zitekeelako.

Ezin izan du erosoegi jokatu Baskoniak aurreneko laurdenean, baina, hala ere, Peñarroyaren gizonek aurretik amaitu dituzte, 22-20, lehenengo hamar minutu horiek. Matt Costello, bost puntu eginda, Gasteizko taldearen onena izan da erasoan, eta Bayern Munichen Carsen Edwards nabarmendu da arlo horretan, zazpi puntu sartuta. Baskonia azkar jokatzen ahalegindu da, horrela ondo baino hobeto moldatzen baita, baina ez du aukerarik izan askotan egiteko, Alemaniako taldeak atzealdean ondo ixten jakin baitu.

Bigarren laurdenean ere izan da nagusi berdintasuna. Etxekoek zazpi puntuko aldea jarri dute markagailuan, 39-32koan, atsedenaldirako bi minutu baino pixka bat gehiago gelditzen zela; Bayern Munichek, baina, ondo erantzun du, eta, Pablo Lasok hutsartea eskatuta, 0-7ko partziala ezarri du, neurketa berriro berdintzeko. Marinkovicek hirukoa sartu du jarraian, eta Baskonia beste behin hartu du aurrea, baina bisitariek saskiratze bat egiteko denbora izan dute, lehen zatia bukatu baino lehen. Partidaren erdian, 42-41 zihoazen, eta ezer ez zegoen erabakita, hortaz, bigarren zatiari begira.

Hirugarren laurdenean, Joan Peñarroyaren gizonek aldea handitu dute, baina ez espero zen beste. Erritmo biziagoa izan da tarte horretan, eta Baskoniak argitasun handiagoa izan du gustatzen zaion jokoa egiteko. Marinkovic fin ibili da hirukoetan, eta Kotsarrek, oso sendo defentsan, aurrera bultzatu du taldea. Gasteizko taldeak hamar puntuko abantaila ere izan du, 62-52koan, eta ematen zuen partida hautsita egon zitekeela, baina Bayern Munichek, azken minutuetan, 0-5eko partziala erdietsi du. Hamar minutu gelditzen zirela, hala, Baskonia 62-57 ari zen irabazten.

Bisitarien bultzada horrek garrantzi handia izan du, eta azken minutuak markatu ditu. Baskonia blokeatuta balego bezala azaldu da azken laurdenean, ez da ondo aritu erasoan, eta defentsan ere ez du bere saskia behar bezala itxi. Guztira, soilik sei puntu sartu ditu. Bayern Munichek 64-64 berdindu du partida, gerora aurretik jarri da, aspaldiko partez, eta ondo eutsi dio lortu duen abantailari. Etxeko taldea ez da batere ondo ibili, eta bisitariek, ordea, asmatu egin dute. Azken emaitza 68-76koa izan da; ezustekoa izan da, eta nahigabea ere, Baskoniak alde izan baitu partida, baina, ahal izan duenean, ez du aurkaria erabat gainditu, eta larrutik ordaindu du hori.  

Fitxa teknikoa

68 - Baskonia (22+20+20+6): Miller-McIntyre (5), Howard (4), Sedekerskis (10), Costello (8) eta Kotsar (6) -hasierako taldea-, Mannion (5), Raieste (-), Rogkavopoulos (-), Marinkovic (13), Diop (7) eta Moneke (10).

76 - Bayern Munich (20+21+16+19): Bolmaro (6), Edwards (14), Bonga (2), Gillespie (8) eta Booker (8) -hasierako taldea-, Obst (3), Weiler-Babb (4), Francisco (12), Giffey (11), Wimberg (-) eta Brankovic (8).

Epaileak: Mehdi Difallah (Frantzia), Ioannis Foufis (Grezia) eta Josip Radojkovic (Kroazia). Kirolez kontrako falta adierazi diete Booker (16. min) eta Gillespie (23. min) bisitariei. Bost falta adierazita, Mannion kanporatu dute (39. min).

Gertakizunak: Euroligako hirugarren jardunaldiko partida, Fernando Buesa Arenan; 7.542 zale izan dira. Tadas Sedekerskisek 100. partida jokatu du Euroligan.