Baskonia
Euroliga
Baskoniak galdu egin du Tel Aviven, Makabiren aurka (93-79), baina play-offetan sartzeko lehian jarraitzen du
EITB MEDIA
Israelgo taldeak errebotea kontrolatu du, eta, gainera, Baskoniak baino erregulartasun handiagoa izan du. Bi taldeek lortu dute markagailuan abantaila nabarmenak jartzea, baina azken laurdenean Makabik ez du estutasunik izan garaipena bermatzeko.
-
Darius Thompson, Makabiren aurkako partidan, defentsan. Argazkia: EFE.
Cazoo Baskoniak Makabi Tel Aviven aurka galdu du ostegun gauean, Israelen, 93-79, Euroligako 29. jardunaldian, eta, ondorioz, ezin izan du play-offeko bere postua sendotu. Joan Peñarroyaren taldeak, baina, lehen zortzien artean jarraitzen du, eta, gainera, puntu onean dago sailkatzea erdiesteko. Neurketan, Israelgo taldeak errebotea kontrolatu du, eta, gainera, Baskoniak baino erregulartasun handiagoa izan du; bi taldeek lortu dute markagailuan abantaila nabarmenak jartzea, baina egia da azken laurdenean Makabik ia ez duela estutasunik izan garaipena bermatzeko.
Tel Aviveko partida bukatuta, Euroligako fase erregularra amaitzeko bost partida geratzen direla, Baskonia zortzigarren tokian dago, 15 garaipen eskuratuta. Zalgiris dago bederatzigarren, Arabako taldeak beste partida irabazita, baina Baskoniak alde du basketaveragea. Hurrengo jardunaldian, Baskoniak Izar Gorriaren etxean jokatu beharko du, eta hori aukera ona izan liteke Peñarroyaren gizonek garaipen bat eskuratzeko; partida hori irabaztea gakoa izan liteke. Horretarako, baina, Israelen baino hobeto ibili beharko da Baskonia errebotean eta jaurtiketan, batez ere hiru puntuko jaurtiketetan.
Lehen laurdeneko azken txanpak desegin du hasierako minutuetan izandako berdintasuna. Makabi eta Baskonia ia parean ibili dira zortzigarren minutura arte, baina orduan Israelgo taldeak 29-21ekoa jarri du, eta egoera, Baskoniarentzat, kezkatzeko modukoa izaten hasi da, bereziki kontuan izanik etxeko taldeak azkarregi lortu duela abantaila hori. Azkenean, bi jaurtiketa libre sartuz, Baskoniak lortu du Makabiren aldea sei puntura jaistea, lehen laurdenaren amaieran (29-23).
Bigarren laurdenean bi zati izan dira, oso bestelakoak. Lehenengoan, bosgarren minutura arte, Makabik Baskonia kontrolatu du defentsan eta asmatu egin du erasoan; horrenbestez, 14 puntuko aldea ere ezarri du etxeko taldeak. 43-29 zihoazen, Baskoniaren erantzuna heldu behar zen, eta heldu egin da erantzun hori: Peñarroyaren gizonek 11 puntu jarraian sartu dituzte, eta partida berdintzetik oso gertu izan dira. Azkenean, 49-45; Baskonia, denboraldian zehar egin duenez, aise ari zen puntuak sartzen, baina ematen zuen bigarren zatian defentsako lana sendotu behako zuela, Makabik jaurtiketa zailagoak egin behar zitzan.
Deigarria izan da hirugarren laurdenean zer gertatu den. Guztira, Makabik, hamar minutu horietan, 23 puntu sartu ditu, eta Baskoniak 20; baina bitxia izan da nola banatu dituzten puntu horiek, bi taldeek bolada ikusgarri bana izan dutelako.
Baskoniak jo du lehenengo. Atsedenaldiko 49-45etik, 49-60ra pasatzeko gai izan dira gasteiztarrak (puntu horretan, partziala 6-31koa zen). Baina Makabik ez du amore eman: 14-0eko partziala erdietsi du, eta berriro ere aurretik jarri da. Hori gutxi balitz, hirugarren laurdeneko azken jokaldietan, Israelgo taldeak aldea handitu du; azken laurdena geratzen zela, markagailuan 72-65eko emaitza agertzen zen.
Laugarren eta azken laurdenak hirugarrenaren azken minutuetako sentsazioak berretsi egin ditu. Etxeko taldea hobeto aritu da, eta kontrolpean hartu du jokoaren erritmoa, bai eta emaitza ere. Baskoniak ezin izan du arerioa estutu, azken markagailuak erakusten duenez: izan ere, 93-79 irabazi du Makabik.
Fitxa teknikoa:
93 - Maccabi Tel-Aviv (29+20+23+21): Brown (17), Baldwin (24), Colson (11), Cohen (-) eta Nebo (15) -hasierako taldea-, Menco (2), Sorkin (4), Dibartolomeo (11) Martin (9) eta Hilliard (-).
79 - Cazoo Baskonia (23+22+20+14): Thompson (17), Marinkovic (6), Giedraitis (18), Hommes (12) eta Kotsar (12) -hasierako taldea-, Heidegger (-), Howard (10), Raieste (2), Diez (-) Enoch (-) eta Costello (2).