Itxi

Baskonia

Euroliga

Costellok eta Thompsonek Baskoniaren garaipen epikoa bideratu dute Efesen aurka (114-111)

I. G. | EITB MEDIA

Gasteiztarrek bolada txarra hautsi dute Europako txapelketan, luzapenera arte luzatu den partida ikusgarri batean.

  • Steven Enoch

    Steven Enoch. Argazkia: EFE

Matt Costellok (33 puntu) eta Darius Thompsonek (16 asistentzia) Cazoo Baskoniaren garaipen epikoa bideratu dute luzapenean Anadolu Efesen aurka (114-111).

Duelua erritmo bizian hasi da. Matt Costello eta Steven Enoch gasteiztarrek aurkariak zigortu dituzte distantzia erditik eta Baskoniak saskiraketen hasiera gidatu du, hiru hiruko jarraian sartuz euskaldunak aurretik mantentzeko.

Efesek hobera egin du aldaketekin eta gasteiztarren desorekak zigortu ditu, nahiz eta gasteiztarrek markagailuan aurretik jarraitu hamar minutuen ostean, 29-28.

Ergin Atamanen taldearen kalitateak Baskonia elektriko baten atzetik mantendu du uneoro talde otomandarra. Rodrigue Beauboisek ondo zaindu du taldea, zortzi puntu jarraian lortuta, eta bisitariak aurretik jarri ditu lehen aldiz atsedenaldiaren atarian, 48-51.

Euskaldunen lau hirukok, pibotak protagonista, Baskonia gidatu dute bigarren zatian. Hala ere, etxekoek ezin izan dute markagailua irauli (68-69) eta Efesek 2-8ko partziala lortu du bi minututan.

Baina Matt Costellok beste martxa bat eman dio bere taldeari eta Joan Peñarroyaren mutilek arnasa hartu dute amaierarako hiru minuturen faltan, 86-89.

Howardek hartu du haren lekukoa eta Vanja Marinkovicen hiruko batek berdinketa itzuli du markagailura, 93-93, 1:38 minutu geratzen zirelarik.

Bost jaurtiketa librek arnasa eman diote Efesi, baina Howardek eta Daulton Hommesen hiruko batek Baskonia heroikoa berreskuratu dute.

Efes banako jokaldiekin saiatu da denbora gehigarrian, baina Markus Howarden bost puntuk aurretik jarri dituzte etxekoak.

Costelloren bi jaurtiketa librek 112-111ekoa jarri dute, Rodrigue Beauboisek huts egin du eta pibot gasteiztarrak etxekoen garaipena sinatu du jaurtiketa librean, 114-111.

Fitxa teknikoa

114 - Cazoo Baskonia (29+19+22+28+16): Thompson (19), Howard (16), Giedraitis (7), Costello (33) y Enoch (14) -hasierako bostekoa-, Marinkovic (9), Kotsar (5) Hommes (3) eta Kurucs (3).

111 - Anadolu Efes (28+23+26+21+13): Larkin (21), Beaubois (19), Clyburn (13), Singleton (3) y Pleiss (2) -hasierako bostekoa-, Micic (19), Bryant (7), M'Baye (2), Zizic (11) eta Dunston (11).

Epaileak: Sreten Radovic (HRV), Anne Panther (DEU) y Medih Difallah (FRA). Hommes kanporatu dute falta pertsonalengatik.

Henry, txalotua Buesa Arenan

Pierria Henry, saskibaloitik kanpo geratu dena FIBAk dopinaren aurka egindako kontrol baten ondoren, txalotua izan da Fernando Buesa Arenan partida hasi baino minutu batzuk lehenago kantxaratu denean.

Baskoniako joko-antolatzaile ohiak bere kontratua etenda dauka aldi baterako, analisiaren emaitzak konpondu arte, eta ongietorri beroa jaso du Joan Peñarroyaren plantelaren ordezkoen inguruan eseri denean.