Baskonia
Euroliga
Baskoniak gaizki ekin dio partidari Belgraden, Partizanen aurka, eta porrota jaso du (83-65)
EITB MEDIA
Joan Peñarroyaren taldeak ezin izan du erantzun egokirik eman lehen laurdenean, eta atsedenaldian 11 puntuko aldea izan du etxeko taldeak; bigarren zatian, talde gasteiztarrak ezin du markagailua estutu, eta, azkenean, Partizanek garaipen argia erdietsi du.
-
Baskoniak kemena jarri du, baina ez du asmatu Partizanen aurkako partidan. Argazkia: EFE.
Cazoo Baskoniak gaizki ekin dio partidari Belgraden, Partizanen aurka, eta elkarren segidako hirugarren porrota jaso du (83-65) Euroligan. Joan Peñarroyaren taldeak ezin izan du erantzun egokirik eman lehen laurdenean, eta atsedenaldian 11 puntuko aldea izan du etxeko taldeak; bigarren zatian, talde gasteiztarrak ezin du markagailua estutu, eta, azkenean, Partizanek garaipen argia erdietsi du. Baskoniak, azken hiru partidetan, Berlinen, Munichen eta Belgraden galdu du, Albaren, Bayernen eta Partizanen aurka.
Baskoniak, beste behin, arazoak izan ditu kanpoaldeko defentsarekin, eta Partizan fin ibili da kanpoaldeko jokoan. Horrek nabarmen zaildu du Baskoniaren lana. Gainera, gasteiztar taldeak Pierria Henryren lidergoaren eta Markus Howarden ekarpenaren falta igarri ditu; biak ala biak lesionatuta izan dira, eta ezin izan dute jokatu.
Bigarren zatian, Baskonia sei puntura ere kokatu da, baina Partizanek azken bultzada eman dio garaipenari Uros Trifunovic jokoan sartu denean. Trifunovicek 15 puntu sartu ditu; lehen zatian, baina, Mathias Lessort eta Ioannis Papapetrou izan dira ondoen ibili diren jokalariak, etxeko taldean.
Bi taldeek adorea erakutsi dute, eta harmailetan giro bikaina izan da; Belgradeko Stark Arena erabat bete da. Baskonia jokoari abiadura ematen saiatu da, baina, bereziki, defentsan emandako maila baxuak izan du eragina azken emaitzan.
Fitxa teknikoa:
83 - Partizan (29+18+20+16): Avramovic (7), Punter (12), Trifunovic (15), Papapetrou (13) eta Lessort (11) -hasierako bostekoa-, Leday (2), Exum (10), Smailagic (-), Koprivica (-), Punter (12), Trifunovic (-), Andjusic (3) eta Madar (10).
65 - Cazoo Baskonia (17+19+14+15): Thompson (8), Marinkovic (16), Giedraitis (4), Diez (6) eta Kotsar (9) -hasierako bostekoa-, Raieste (2), Hommes (-), Enoch (9), Sedekerskis (7), Costello (-) eta Kurucs (3).