Baskonia
Euroliga
Baskonia nagusi izan da Fenerbahçe liderraren etxean (70-76)
I. G. | EITB Media
Gasteiztarrek laugarren garaipena jarraian lortu dute Euroligan, txapelketako liderraren kantxan, bolada onarekin jarraitzeko.
-
Fenerbahçe - Cazoo Baskonia. Argazkia: @Baskonia
Cazoo Baskoniak aste honetako bigarren garaipena lortu du Turkian Fenerbahçe Euroligako liderraren aurka (70-76). Talde gasteiztarrak lehen zatian lortutako 52 puntuetan oinarritu du garaipena, eta 21 punturainoko errentak lortu ditu.
Akatsekin eta Fenerbahçeren intentsitate handiarekin hasi da lehia, Baskonia presionatu duena pista osoan.
Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldeak asko sufritu du baloia bere kantxan jartzeko, baina Matt Costellok zortzi puntu jarraian egin ditu, lehen hamar minutuen ostean 13-21ko abantaila lortuz.
Trantsizioek esnatu egin dute euskal taldea, bere abiadurarekin Europako liderra zigortu eta partziala 0-10 azkar itzuliz.
Baskonia 21 puntura jarri da (27-48, 18. minutuan). Fenerbahçe kontraerasoan txikitu du, eta Tadas Sedekerskis eta Pierrià Henry nabarmendu dira. Azken honek 11 puntu egin ditu lehen zatia 33-52 ixteko.
Fenerbahçe indartsu atera da atsedenaldiaren ostean, defentsako erasokortasuna igo du eta Baskoniari kosta egin zaio saskiratzea. 12-4ko partzialarekin, Gasteizko taldeak lehen zatian eraikitakoa dardarka jarri dute etxekoek.
Azken erasoan sartu aurretik lortutako 0-7ko partziala funtsezkoa izan da distantzia mantentzeko (56-67). Bi taldeek asko sufritu dute azken laurdenean eta, aurretik joan arren, Baskoniak ez dio bere erara jokatzeari utzi.
Baina defentsa gasteiztarrak aurrerapausoa eman du erasoan gauzak ondo ez zihoazenean eta aurkariari ondo eutsi dio. Daulton Hommesen bi jaurtiketak garaipena itxi dute, 70-76.
Fitxa teknikoa
70 - Fenerbahce Beko (13+20+23+14): Calathes (11), Guduric (14), Hayes-Davis (-), Birsen (2) y Jekiri (12) -hasierako bostekoa-, Akpinar (-), Pierre (10), Edwards (10), Mahmutoglu (11) eta Booker (-).
76 - Cazoo Baskonia (21+31+15+9): Thompson (4), Marinkovic (5), Giedraitis (-), Hommes (2) y Enoch (9) -hasierako bostekoa-, Henry (13), Howard (15), Sedekerskis (8), Kotsar (10) eta Costello (10).
Epaileak: Borys Ryzhyk (UKR), Gytis Vilius (LTU), Milan Nedovic (SLO). Guduric kanporatu dute falta pertsonalengatik.