Itxi

Baskonia

EUROLIGA

Baskoniak garaipen sendoa lortu du Bayernen aurka (78-53)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldea bikain egon da defentsan, eta denboraldiko zazpigarren partida irabazi du Euroligan. Arabako taldeak kontrolpean izan du neurketa uneoro, baina azken bost minutuetan hautsi da guztiz lehia.

  • Pierrria Henry

    Pierrria Henry. Argazkia: EFE

Cazoo Baskoniak garaipen sendoa lortu du Bayernen aurka (78-53) ostiral honetan (abenduak 9). Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldea bikian egon da defentsan, eta, horri esker, 10 puntu inguruko abantailak izan ditu partida osoan zehar. Amaierarako 5 minutu falta zirenean iritsi da partida erabakitzeko etxekoen azken bultzada. Honezkero, Baskoniak zazpigarren garaipena eskuratu du Euroligan.

Lehenengo laurdenean asko kostatu zaie bi taldeei puntuak biltzea. Bavariarrak eraginkorrago hasi dira, baina Pierria Henry Baskoniako jokalariaren sarrerak neurketa aldatu du. Etxekoek asko hobetu dute, eta Markus Howarden azken hirukoak lehen abantaila argia eman dio Baskoniari (17-10).

Bigarren laurdenean, Pierria Henryk jarraitu du partidaren aginte-makilarekin. Alemaniarrek asko sufritu dute estatubatuarraren jokoarekin. Atsedenaldiaren atarian Vanja Marinkovic serbiarraren hiru hirukoek Baskoniaren aldeko 44-30eko emaitza jarri dute markagailuan.

Bayernek hobeto ekin dio bigarren zatiari. Andreas Obst alemaniarraren puntuei esker markagailua estutu da. Hala ere, berriz tartea ireki du Baskoniak laurden bukaera ona egin eta gero. Azken 10 minutuetara 13 puntuko abantailarekin iritsi da etxeko taldea (55-42).

Laurden erabakigarrian kamuts azaldu dira bi taldeak erasoan. Bayernek azken ahalegina egin du norgehiagoka estutzeko, baina Gasteizko taldearen amaierako minutu onek gutiz hautsi dute lehia. Azkenean, 78-53ko emaitzarekin garaipen sendoa lortu du Cazoo Baskoniak Buesa Arenan.

Fitxa teknikoa:

78 - Cazoo Baskonia (17+27+11+23): Thompson (7), Marinkovic (9), Giedraitis (4), Hommes (5) y Kotsar (8) -cinco inicial-, Henry (14), Howard (5), Sedekerskis (2), Enoch (10) y Costello (11).

53- Municheko Bayern (10+20+12+11): Jaramaz (2), Obst (12), Bonga (3), Wimberg (2) y Gillespie (8) -cinco inicial-, Walden (6), Winston (10), Giffey (2), Harris (2), Zipster (2) y Hunter (4).

Epaileak: Sreten Radovic (HRV), Fernando Rocha (PRT), Piotr Pastusiak (POL).