Baskonia
Akordioa
Lamar Petersek Baskoniarekin zuen kontratua eten du
EITB Media
Klubarekin akordiora iritsi ostean, min hartuta dagoen jokalariak bere kabuz jarraituko du sendatze-prozesua.
-
Lamar Peters, Baskoniarekin, Betisen aurkako partidan. Argazkia: EFE
Lamar Petersek Bitci Baskoniako jokalaria izateari utzi dio. Estatubatuarra akordiora iritsi da klubarekin, bi aldeak lotzen zituen kontratua eteteko. Peters min hartuta dago, eta bere kabuz jarraituko du sendatze-prozesua, agente libre moduan.
"Joko-antolatzaile estatubatuarrak Baskoniako jokalaria izateari utzi dio, duen lesioaren sendatze-prozesua gertuagoko ingurunean jarraitzeko. Saski Baskonia eta Lamar Peters akordiora iritsi dira bi aldeak lotzen zituen kontratua eteteko", jakinarazi du Baskoniak ostegun honetan.
Baskoniak 2021eko azaroan fitxatu zuen Peters. Guztira, 22 partida jokatu ditu Arabako taldearekin; 15 Euroligan eta 7 Endesa Ligan. Euroligan 4,7 puntu eta 2,7 asistentzia erdietsi zituen batez beste, puntu gehien (10) Zalgirisen aurkako neurketan lortuta. Endesa Ligan, aldiz, 2,7 puntu eta 1,9ko balorazioa erdietsi zituen batez beste.
Min hartuta esan dio agur Lamar Petersek Baskoniari. Bost eta sei aste artean egongo da jokatu gabe, ezker izterrean duen lesioarengatik.