Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak mendean hartu du Izar Gorria, Spahijaren debutean

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak irabazi egin du Buesa Arenan jokatu duen Euroligako hamargarren jardunaldiko partida (93-74). Neven Spahija entrenatzaileak garaipena lortu du Bitci Baskonia zuzendu duen lehen norgehiagokan.

  • Baskonia - Izar Gorria

    Baldwin (Baskonia) eta Hollins (Izar Gorria), partidako jokaldi baten. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak garaipena lortu du Izar Gorriaren aurka (93-74) astearte honetan Buesa Arenan jokatu duen Euroligako hamargarren jardunaldiko partidan. Neven Spahija entrenatzaile berriaren estreinaldia izan da, eta Arabako taldearen bolada txarrari amaiera eman dio, txapelketa honetan lau porrot jarraian baitzeramatzan.

Ondo ekin dio Baskoniak norgehiagokari, lehen saskiratzea sartuta (3-0) eta lehen laurdenaren erdialdera lau puntuko abantailarekin iritsita (12-8). Ondoren, bederatzi puntuko errenta ere erdietsi du Arabako taldeak (21-12), baina laurdenaren azken bi minutuetan desabantaila murriztea lortu du Izar Gorriak (25-22).

Bigarren laurdena ezin hobeto hasi da Neven Spahijak zuzentzen duen taldearentzat; Baskoniak ondo jokatu du, aurkaria baino gehiago izan da, eta zuloa ireki du markagailuan, atsedenaldira iristeko hiru minutu falta zirenean 21 puntuko abantaila eskuratuta (47-26). Euskal taldearen joko onaren eraginez, norgehiagoka 55-32ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Aldageletatik pasa ostean, Izar Gorriak defentsa sendotu du, eta Bitci Baskoniak gehiago kosta zaio saskiratzea. Nagusi izaten jarraitu du Baskonik, baina talde bisitariak murriztu egin du bigarren laurdenetik zekarren desabantaila (68-53).

Garaipena bideratuta duela ekin dio Baskoniak azken laurdenari. Izar Gorriak ez du Arabako taldea asko estutu laugarren laurdenean, eta garaipenak ez dio ihes egin Gasteizko taldeari (93-74).

Fitxa teknikoa:

93 - Bitci Baskonia (25+30+13+25): Baldwin (14), Granger (4), Giedraitis (21), Sedekerskis (9) eta Enoch (23) -hasierako taldea-, Lamar Peters (-), Fontecchio (9), Nnoko (8) eta Marinkovic (5).

74 - Izar Gorria (22+10+21+21): Markovic (2), Dobric (11), Kalinic (-), Davidovac (2) eta Kuzmic (10) -hasierako taldea-, Lazarevic (-), Uskorovic (3), Lazic (2), Hollins (11), Simonovic (-), Ivanovic (21) eta Zirbes (12).

Epaileak: Mateu Boltauzer (Eslovenia), Emin Mogulkoc (Turkia) eta Amit Balak (Israel). Kanporaturik gabe.