Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Baskonia

Endesa Ligako play-offak

Baskonia, kanporatuta Valentziaren aurka final-laurdenetako 3. partida galdu ostean

A. B. E. | EITB Media

Arabako taldeak 78-73ko emaitzarekin galdu du Fontetan jokatu duen Endesa Ligako final-laurdenetako partida erabakigarria.

5:52
Valentzia - Baskonia

TD Systems Baskoniak porrota jaso du Valentziaren aurka (78-73) jokatu duen Endesa Ligako final-laurdenetako kanporaketako hirugarren eta azken partidan; ondorioz, egungo txapelduna titulua lortzeko aukerarik gabe geratu da.

Valentziak hobeto ekin dio neurketari, lehen saskiratzea Arabako taldeak sartu duen arren. Etxeko taldeak zazpi puntuko errenta izan du lehen laurdeneko momentu batzuetan (11-4 eta 17-10), baina Baskoniak erantzutea lortu du, eta desabantaila lau puntura murriztu du lehen hamar minutuen amaieran (23-19).

Erasoko jokoan nahiko eroso ibili da Valentzia, eta min egin dio aurkariari taulapean Bojan Dubljevicekin eta Louis Labeyrieren jokoarekin. Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea ezinean ibili da bigarren laurdeneko lehen bost minutuetan, eta Valentziak hamar puntuko zuloa ireki du markagailuan (34-24). Montenegroko entrenatzaileak hutsartea eskatu ostean, Gasteizko taldea sendoago kantxaratu da: Tonye Jekiri, Polonara eta Alec Peters jokalariek beste itxura bat eman diote taldearen jokoari, baina Joan Sastre bikain ibili da azken txanpan eta partida etxeko taldearen aldeko 43-34ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Baskoniari ondo etorri zaio atsedenaldia eta erritmo bizia ezarri dio hirugarren laurdenari. Talde gasteiztarra ondo ibili den arren, Valentziak ez dio gehiegi hurbiltzen utzi, San Van Rossomen ekarpenari esker. Dena den, Baskoniak lanean jarraitu du, eta Petersek laurdenaren azken segundoan sartutako hirukoak sei puntura gerturatu du Arabako taldea (59-53).

Valentziari zalantzak sortu dizkio Baskoniak hirugarren laurdenaren amaieran sartutako hirukoak, eta ez dio hasiera ona eman azken laurdenari, aurkaria hiru puntura jarri baitzaio (63-60). Orduan, etxeko taldea momentu larriena pasatzen ibili denean, Baskonia ez da gai izan Valentziaren erasoaldiak gelditzeko, eta bederatzi puntuko abantaila eskuratu du (71-62). Baskoniak, ordea, ez du etsi; orduan agertu dira Polonara eta Henry taldea hauspotzeko eta azken txanpan desabantaila bi puntura murrizteko (75-73). Gainera, aurrea hartzeko aukera ere izan du Baskoniak, bana Petersek ez du hirukoa asmatu, eta azken minutuan garaipena bermatu du Valentziak (78-73).

Fitxa teknikoa:

78.- Valentzia (23+20+16+19): Van Rossom (9), Sastre (6), Kalinic (18), Williams (2), Tobey (13) -hasierako taldea- Prepelic (5), Labeyrie (12), Dubljevic (9), Hermannsson (2) eta Vives (2).

73.- TD Systems Baskonia (19+15+19+20): Henry (9), Giedraitis (10), Sedekerkis (4), Polonara (15), Jekiri (4) -hasierako taldea- Massenat (-), Colom (-), Fall (3), Dragic (16) eta Peters (12).

Epaileak: Perez, Peruga eta Sanchez Sixto. Ez dute inor kanporatu.