Baskonia
Play-offa
Baskonia garaipenik gabe geratu da amaiera polemikoa izan duen partidan (87-86)
A. A. | EITB MEDIA
Gasteiztarrek falta eskatu dute erabakigarria izan zitekeen Henryren partida amaierako azken jaurtiketa saiakeran. Kanporaketako bigarren neurketa asteazken honetan jokatuko dute.
-
Pierria Henry aurkariz inguratuta. Argazkia: EFE
Valentzia Basketek irabazi du astelehen honetan Endesa Ligako final-laurdenetako play-offetako lehen puntua TD Systems Baskoniaren aurka (87-86). Partida oso parekatua izan da, eta etxekoak hasieran eta amaieran bakarrik izan dira aurretik. Neurketa, gainera, polemikarekin amaitu da; izan ere, azken jokaldian Guillem Vivesek Pierria Henryren jaurtiketa saiakeraren aurrean falta egin duela eskatu dute bisitariek.
Jaume Ponsarnauren mutilak hobeto hasi dira saskira begira, eta Arabako taldea, berriz, ez horrenbeste. Hala ere, egungo txapeldunak argi utzi du bere izaera lehiakorra, eta, lehen partzialean azpitik amaitu ondoren (22-18), bera izan da partidaren zati handienean agintean.
Alec Petersen ekarpenean (hamaika puntu jarraian erdietsi ditu) eta defentsako lanean oinarrituta, Baskonia 32-42 jarri da aurretik, eta bigarren laurdena 9 puntuko aldearekin amaitu dute (35-44).
Atsedenaldiaren ostean, Valentzia Basketek hobeto jardun du, eta gauzak orekatu ditu, 7-0eko partzial batekin. Ondoren, 11-0eko beste batekin, Dubljevicek bi hirukori esker, besteak beste, aurretik jarri da (53-50). Ivanovicen taldeak kolpea jaso du, baina buelta emateko gai izan da, eta aurretik iritsi da azken hamar minutuetara (60-63).
Azken laurdena hiruko saskiratzeen trukaketarekin hasi da. Alabaina, Giedraitisek hiruko bat eta kontraeraso bat gauzatu ditu, eta Ponsarnauk lehia geldiarazteko beharra ikusi du (65-74).
Etxeko taldeak ez du amore eman, eta partidari eskuratzeko moduan jarraitu du, bereziki bere bi gizon onenen ekarpenari esker: Kalinic (18 puntu) eta Dubljevic (20). Montenegrokoak 82-82 berdindu du lehia minutu eta erdiren faltan, eta, ondoren, 5,5 segundoren faltan berak saskiratutako bi jaurtiketa librek aurretik jarri ditu laranja kolorekoak (87-86).
Ivanovicek, orduan, balizko jokaldi irabazlea diseinatu du: baloia Henryk jaso du, eta Vivesek zartako bat emanda lapurtu dio, baina epaileek ez dute faltarik adierazi. Baskoniako joko-antolatzailearen protestek ez dute ezertarako balio izan.
Fitxa teknikoa:
87 - Valentzia Basket (22+13+25+27): Van Rossom (4), Vives (6), Kalinic (18), Williams (5), Tobey (8) —hasierako bostekoa—; Prepelic (10), Labeyrie (10), Dubljevic (20), Hermannsson (-) eta Sastre (6).
86 - TD Systems Baskonia (18+26+19+23): Henry (15), Giedraitis (9), Sedekerkis (2), Peters (16), Diop (-) —hasierako bostekoa—; Massenat (5), Jekiri (9), Colom (6), Fall (4), Dragic (10) eta Polonara (10).
Epaileak: Hierrezuelo, Oyón eta García González. Ez dute inor kanporatu.