Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak garaipena lortu du Khimkiren aurka eta zortzigarren postutik gertu dago

A. B. | EITB Media

TD Systems Baskoniak 67-89ko emaitzarekin irabazi du Euroligako 25. jardunaldiko partida.

1:29
Khimki - Basknia

TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Khimkiren aurka (67-89) Moskun, Euroligako 25. jardunaldiko partidan. Arabako taldeak hamabigarren partida irabazi du txapelketa honetan, eta sailkapeneko zortzigarren postutik gertu mantentzen da.

Hasieratik nagusi izan da Baskonia. Youssoupha Fallen lana azpimarragarria izan da defentsan zein erasoan, eta 0-9 aurreratu da talde gasteiztarra. Ondoren , ordea, Khimkik hobeto jokatu, eta desabantaila murriztu du, baina Baskoniak berriro neurria hartu dio neurketari, lehen hamar minutuetan hamar puntuko abantaila lortuz (14-24).

Bigarren laurdenari hobeto ekin dio Khimkik. Alexey Shveden lanari esker, talde errusiarrak norgehiagoka parekatzea lortu du, bi puntura gerturatuta (32-34). Ondoren, Pierria Henryk gidatuta, Baskonia nagusi izaten hasi da, atsedenaldira aldeko 37-47ko emaitzarekin iritsita.

Atsedenaldiaren ostean, joan-etorriko izan da hirugarren laurdena, eta eromen horretan garaile atera da Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea. Pixkanaka abantaila handitzen hasi da Baskonia, eta 14 puntuko abantailarekin iritsi da (57-71) azken laurdenera.

Amaierako hamar minutuetan TD Systems Baskoniak kontrolpean izan du partida, Khimkik ez du desabantaila murriztea eta aurkaria urduri jartzea lortu, eta garaipenak ez dio ihes egin talde gasteiztarrari (67-89).

Fitxa teknikoa:

67 - Khimki (14+23+20+10): Shved (16), Zaytsev (8), Bertans (-), Monia (6) eta Mickey (13) -hasierako taldea-, Timma (3), Karasev (6), Vialtsev (11), Ponkrashov (2), Kadoshnikov (2), eta Voronov (-).

89 - TD Systems Baskonia (24+23+24+18): Henry (2), Giedraitis (13), Sedekerskis (11), Polonara (7) eta Fall (14) -hasierako taldea-, Raieste (2), Vildoza (13), Jekiri (2), Diop (-), Peters (11), Dragic (13) eta Kurucs (1).

Epailea: Tomislav Hordov (Kroazia), Spiros Gkontas (Suedia) eta Huseyin Celik (Turkia). Kanporaturik gabe.