Baskonia
Euroliga
Baskoniak garaipena lortu du Milanen
A. B. | EITB Media
Arabako taldeak 79-84ko emaitzarekin irabazi du Armani Milan taldearen aurka jokatu duen Euroligako 16. jardunaldiko partida.
-
Baskoniako jokalariak partida baten ostean. Argazkia: EITB Media
TD Systems Baskoniak garaipena lortu du Armani Milanen aurka (79-84) jokatu duen Euroligako 16. jardunaldiko partidan. Arabako taldeak irabazi egin du txapelketa honetan jokatu duen 500. norgehiagoka.
Ondo ekin dio Baskoniak neurketari (0-6), baina, ondoren baloi asko galdu ditu, eta ezin izan du abantaila handitu. Hala ere, Ivanovicek zuzentzen duen taldeak jokoa hobetu du, eta partidaren agintea hartu du. Taulapean nagusitu da Baskonia lehen laurdenean, Tonye Jekiri eta Youssoupha Fall jokalarien lanari esker (19-23).
Rokas Giedraitis izan da Arabako taldearen euskarria bigarren laurdenean, defentsan bikain ibili baita. Bizi jokatu du Baskoniak, baina Armani Milanek ez dio alde egiten utzi, Kevin Punterren eta Sergio Rodriguezen saskiratzeei esker. Alec Petersek atsedenaldira iritsi aurretik sartu duen hiruko batekin amaitu da bigarren laurdena (41-45).
Pierria Henryren lan azpimarragarriaren eraginez, hamar puntuko errenta eskuratu du Baskoniak, baina baloi galerek beste behin zigortu egin dute talde gasteiztarra. Ettore Messinak zuzentzen duen taldea Baskoniaren akatsez baliatu da desabantaila murrizteko (57-63).
Ez da urduri jarri Arabako taldea azken laurdenaren hasieran, eta amaierarako zazpi minutu baino gutxiago falta zirenean, 11 puntuko abantaila eskuratu du. Geroago, 16 puntuko errenta izan du Baskoniak eta talde italiarra ezinean ibili da. Hala ere, Baskonia erlaxatu egin da azken txanpan, eta Armani Milanek desabantaila murriztu du, bi puntura gerturatu delarik (79-81). Pierra Henryk jokaldi bikaina egin du amaierarako 11 segundo falta zirenean, bi puntuko saskiratzea eta jaurtiketa librea sartuta, eta TD Systems Baskoniak garaipena lortu du (79-84).
Fitxa teknikoa:
79 - AX Armani Exchange Milan (19+22+16+22): Punter (15), Delaney (12), Shields (9), Leday (7), Tarczewski (4) -hasierako taldea-, Roll (2), Rodríguez (9), Brooks (2), Hines (8) eta Datome (11).
84 - TD Systems Baskonia (23+22+18+21): Henry (15), Dragic (16), Giedraitis (11), Sedekerskis (5), Jekiri (12) -hasierako taldea-, Vildoza (7), Peters (8) eta Fall (10).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Borys Ryzhyk (Ukraina) eta Tomislav Hordov (Kroazia). Vildoza (36. min) kanporatu dute bost falta egiteagatik.