Itxi

Baskonia

Euroleague

Caja Laboral-Olympiacos (81-79): Garaipen garrantzitsua

A.B.

Erredakzioa

Talde arabarrak gaizki hasi du partida, baina jokoa hobetuz joan da laurdenez laurden. Prigionik azken segundoan sartutako saskiratzeari esker irabazi dute.

  • Baskoniak 81-79 irabazi dio Olympiacosi. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu zuen Iradier Arenan Olympiacosi 81-79ko emaitzarekin irabazita eta aurrepauso galanta eman dute arabarrek Euroligan.

Partida ez zuten ondo hasi arabarrek. Olympiacos nagusi izan zen eta batez ere hiruko marratik sartutako saskiratzeekin alde garrantzitsuak lortzen hasi ziren greziarrak. Baskonia ez zen fin ibili aurkariaren saski aurrean eta lehen hamar minutuak bisitarien aldeko 13-22ko emaitzarekin bukatu ziren.

Bigarren laurdenean lehenengoan baino hobeto jokatu zuen Caja Laboralek, baina greziarrek Baskoniaren hobekuntzari sendo erantzun zioten. Dena den, arabarrek aldeak zertxobait murriztea lortu zuten. Atsedenaldira iristean zortzi puntuko desabantaila izan zuen etxeko taldeak (32-40).

Atsedenalditik bueltan Baskoniak asko hobetu zuen eta aldeak murrizten hasi zen. Ivanovicek zuzentzen duen taldeak zail jarri zizkion gauzak Olympiakosi eta hirugarren laurdeneko azken minutuan hiru punturaino gerturatu zen (60-63), baina azken segundoetan greziarrek sartutako hiruko bati esker sei puntuko abantailarekin bukatu zuten laurdena (60-66).

Azken laurdena bizia eta berdindua izan zen. Baskoniak aurrea hartu zuen markagailuan bukaerarako bost minutu falta zirenean (70-68). Partida amaitzeko zortzi segundo falta zirenean Olympiacosek hiruko jaurtiketa bati esker norgehiagoka berdindu zuen (79-79), baina Prigionik azken segundoan sartutako saskiratzeari esker Caja Laboralek 81-79ko emaitzarekin garaipena lortu zuen.

Fitxa teknikoa:

81 - Caja Laboral (13+19+28+21):
Prigioni (3), Williams (4), N. Bjelica (2), Teletovic (20), Seraphin (15) -hasierako bostekoa-, Dorsey, Heurtel (5), Oleson (2), Ribas (9), M. Bjelica (6), San Emeterio (15).

79 - Olympiacos (22+18+26+13): Spanoulis (19), Katsivelis, Keselj (10) Papadopoulos (6), Antic (14)-hasierako bostekoa-, Hines (14), Lucas (5), Gecevicius (7), Printezis (4), Mantzaris, Papanikolau.