Baskonia
ENDESA LIGAKO FASE FINALA
Valentzia Basket izango da Kirolbet Baskoniaren aurkaria finalerdietan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Finalerdietako beste partidan Bartzelona eta San Pablo Burgos lehiatuko dira nor baino nor gehiago.
-
Shengelia Valentzia Basketen aurka, Euroligako partida batean. Argazkia: EFE
Valentzia Basket-Kirolbet Baskonia eta Bartzelona-San Pablo Burgos izango dira Endesa Ligako azken faseko finalerdietako norgehiagokak, B multzoko sailkapena behin betiko erabakita geratu ostean. Ondorioz, Real Madril kanporatuta geratu da, eta ez da ACB Ligako titulua lortzeko lehian izango 12 urteren ostean.
San Pablo Burgosek Morabanc Andorrari 88-86 irabazi ostean, dena geratu da Herbalife Kanaria Handiaren eta Valentzia Basketen arteko neurketaren zain (81-97). Hala, etxeko taldearen garaipenarekin, valentziarrak multzoko lehen postuan sailkatu dira, eta Burgosko taldea, berriz, bigarren, Real Madril-Casademont Zaragoza partidaren emaitzaren ardurarik izan gabe (97-88).
Horrenbestez, Kirolbet Baskoniak, A multzoko bigarrenak, Valentzia Basket izango du aurrez aurre igandean, 20:00etan.
Aurretik, hiru ordu lehenago, beste finalerdia izango da. Bertan, Bartzelonak, A multzoko lehen sailkatuak, B multzoko bigarrena izan den San Pablo Burgosen aurka jokatuko du, igandean, 17:00etan.
Partida horietako irabazleak titulurako final handian izango dira asteartean, ekainaren 30ean, 20:00etan.